Arama eta Ordizia jazz doinuz beteko dira asteburuan, jazzaldiarekin
Goierriko jazz zaleak zorioneko dira. Aurten ere eskualde mailako jazzaldiarekin gozatu ahalko dute, dohainik. Goierriko Jazzaldia jaialdia Ordizian eta Araman izango da, asteburuan. Bi egunean sei kontzertu entzuteko eskaintza ekarriko du.
Ostiralean 19:30ean hasiko da jazzaldia, Ordizian. Herriko talde batek joko du, Como Jazzen Ordiziako Musika Eskolako ikasle ugari baitabiltza, Andoni Arratibelen zuzendaritzapean. Jazz estandarra joko dute.
Aurtengo berritasun nagusia, iazko estreinaldiaren ondotik, iraupenarena da. Ostiralean eta larunbatean izango da. Lehen ekinaldia «arrakastatsua» izan zen, antolatzaileek azaldu dutenez. Goierriko bailaran «musika maitaleen artean erreferente» bihurtuko da jazzaldia. Horretarako, maila handiko taldeak gonbidatuko dituzte.
Javier Lopez Jaso nafarraren kontzertua, esate baterako, jaialdiko «momentu gorenetako bat» izango dela aurreratu dute. Jazza eta inprobisazioa lantzen ditu. Eskusoinua, gitarra, kontrabaxua eta bateriak osatzen dute musikari multzoa.
‘Tribute’ diskoaren aurkezpena
Larunbatean, Aramako parkean, ez da musika maila beherago geratuko. Kontzertu bikoitza egingo dute. Lehenik, Victor de Diego saxo jotzaile bizkaitarrak eta bere hirukoak joko dute, Tribute disko berria aurkezteko. Iberiar penintsula osoan aurkezpen bira egiten ari dira, eta Araman geldialdi bat egingo dute.
Ondoren, Miguel Salvador gitarra jotzaileak errepikatuko du, Goierriko Jazzaldian, iaz Barrenan aritu baitzen. Portugalen jaioa, gaur egun «euskal jazzaren erreferenteetako bat» da.
Aramako hirugarren emanaldia Busbu disko jartzaile ordiziarrak borobilduko du, larunbat iluntzean. Plazan ariko da. Jazzaldia bera, ordea, hasi bezalaxe amaitu ere Ordizian egingo da. Barrena parkean, Llibert Fortuny saxo jotzaile kataluniarra arduratuko da bukera ipintzeaz.
Kontzertuetara joateko autobus zerbitzua jarri dute Goierriko Jazzaldiaren antolatzaileek. Ordizia eta Arama arteko joan-etorria egingo du. Erabiltzaileek ez dute ordaindu beharrik izango, kontzertu guztietan bezalaxe.
Jaialdiko elastikoak Ordiziako Sugaar tabernan dituzte salgai.
Giro berezia sortzeko musika
Jazz musikaren kulturarekin bat datozen agertokiak jartzen saiatu da antolakuntza. Iaz baino eszena gehiago izango dira aurten, bost denera. Aramako herriguneko parkea da horietako bat. Izan ere, belardi hura iaz jazzaldiko «momenturik berezienetakoa» baten lekuko izan zen. Cantus Caterva proiektua aurkeztu zuen Hasier Oleaga bateria jotzaileak, Iñaki Salvador, Mikel Andueza eta taldearekin batera.
Aramako plaza, eta Ordiziako Plaza Nagusia, D’elikatuz eta Barrena parkea dira beste tokiak.
Kontzertuak
Ostirala (uztailak 4)
- Ordizia. Combo Jazz. 19:30ean, Plaza Nagusian.
- Ordizia. Javier Lopez Jaso. 23:00etan, D’elikatuzen.
- Arama. Victor de Diego Trio. 18:00etan, parkean.
- Arama. Miguel Salvador. 19:30ean, parkean.
- Arama. Busbu DJa. 21:00etan, plazan.
- Ordizia. Llibert Fortuny. 23:00etan, Barrena parkean.