Ataun, Zegama eta Olaberria dira txapeldun eskola-umeen pilota txapelketan
Zortzi larunbatetan eskola kiroleko adinekoentzat pilota partidak jokatu ondoren, larunbatean bukatu zen Lazkaon Goierri Beheko VIII. Eskola-umeen Pilota Txapelketa. Hamar herritako haurrek parte hartu dute, 2003an, 2004an eta 2005ean jaiotakoak.
Adin maila horietan jokatu zituzten azken partidak, larunbatean, Lazkaoko plazako pilotalekuan. Gazteenetatik hasita, Ataunek 2 eta 0 menperatu zuen Idiazabal-3 taldea. Julen Aramendi, Udai Ramirez eta Ekhi Aldasoro ataundarrak dira txapeldunak, 2005ean jaiotakoen artean. Idiazabalgo taldea Mikel Lopezek, Iker Dos Santosek eta Gaizka Calvok osatu dute.
2004koen artean, Zegama-1 taldeak (Unai Barandiaran, Egoi Telleria, Miguel Ramirez) 0 eta 2 irabazi zion Lazkaori (Haritz Goena, Iker Garrido, Unax Navarro).
Azkenik, 2003ko larrienen finalean, Olaberriak 2 eta 1 irabazi zion Idiazabali. Itoitz Urkiola, Mikel Etxezarreta eta Xabier Naldaiz dira txapeldunak; Aimar Agirre, Iñigo San Pedro, Jon Garmendia, Iñaki Urrestarazu eta Ibai Arribas txapeldunordeak.
Denek argazkia atera ondoren, askariarekin bukatu zen eguna, eta txapelketa.