
Kirola lagun artean ondo pasatzeko ere bada, oraindik. Lehiaketa eta lasterketa kutsuko zeharkaldiekin batera, badira patxadagoan joateko eta beste helburu batzuk aintzatesteko balio duten hitzorduak. Dina Martxi da horietako bat, Ondarroako (Bizkaia) Radixu Irratiak antolatzen duen zikloturista proba. Larunbatean izan zen, eta hainbat goierritar txirrinduzalek osatu zuten ibilbidea.
Dina Bilbao triatloilari ondarroarra gogoratzeko antolatu ohi dute, urtero. 1997ko ekainean desagertu zen kirolaria, Atlantikoan barrena katamaran batekin zeharkaldia egiten ari zela. Tolosan bizi izan zen, eta horregatik, bizilekua sorterriarekin elkartzen dute.
Goierriko partaideen artean Ataungoak, Beasaingoak edota Gabiriako hamalau laguneko talde bat ere baziren. Lehenbiziko aldiz joan dira aurten. Ibilbidea gogor samarra suertatu zaie. Bidania, Aizarna, Endoia (Zestoa) eta Kalbario igo behar izan zituzten.

Helburua, ordea, Ondarroara iristea zen. Tolosatik 08:30ean abiatu ziren. Bidean, martxa herrikoia izanik, bat baino gehiago nahastu zen norabidez. «Aizarna beharrean Urraki igo genuen bi lagunek. Ez aurretik, ez atzetik, inor ez zihoala konturatu ginenean, bide okerretik gindoazela jabetu ginen», zioen gabiriar batek. Hala eta guztiz, Lasturrera (Itziar) lehenengo iritsi ziren. Gosari bikaina egin zuten han.
Olanoren martxa Goierrin
Bizikletan ohitutakoak batzuk, askorik ibiltzen ez direnak beste batzuk, eta oso noizean behin hartzen dutenak ere bazeuden tropelean. Guztiek bukatu zuten martxa, hala ere. Eguerdia pasatxoan iritsi ziren Ondarroara goierritarrak. Kaleetan sartu orduko, ongietorri beroa egin zieten ondarroarrek, txalo eta oihu. Zapatu Azule festa zen han, eta batek baino gehiagok parrandan jarraitzeko baliatu zuten txangoa. Goierriko jende ugari bildu zen, asko ezkontza-agurretan joanak.
Goierrin beste bizikleta martxa bat ere igaro da, asteburuan, Abraham Olano txirrindulari ohiaren omenezko 11 tontor Gipuzkoan zehar.
Igandean igaro ziren ehunka txirrindulari, Goierriko errepideetatik. Tolosako Oriako Txirrindulari Elkarteak Quebrantahuesos txiki bat antolatu du, Tolosan hasi eta bukatu. 199 kilometro eta 4.300 metroko metatutako desnibela zituen ibilbide luzeak (48 laburrak). Hori osatu zutenek, Lazkaomendi, Olaberria, Mandubia eta Atagoiti mendateak igo zituzten. Aurretik Bidania, Santa Ageda, Altzo eta Orendain ere bai, eta ondoren Elgeta, Gorla eta Urraki.