Barandiaranen bideetatik, gauez
Joxe Migel Barandiaran zenaren espirituak bizirik jarraitzen du, Ataunen. Inoiz baino gehiago, ia-ia haren isla Sara etxean atzera-aurrera sumatzeraino. Larunbat gauean, egikaritu egingo da berriro irudi hori. Gaua gauezkoentzat ibilaldi magikoa antolatu dute, hirugarren urtez jarraian, Jentilbaratza kultur elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak. Izaki miragarriez esan ohi da direnik ez dela sinistu behar, baina ez direnik ez dela esan behar. Esakunde zahar horretan oinarrituz, euskal mitologiako ipuinetan barrena bidaiatzeko aukera emango dute, larunbat gauean.
Aurreko bi urteetan bezala, ibilaldia San Gregorio auzoko Barandiaran Museotik San Martingo plazara izango da, herribide zaharrean barrena, Agauntza errekaren ertzetik. «Ibilaldi harrigarria eta sorpresaz betea» izango dela aurreratu du Jentilbaratza elkarteak. «Ataunen gorde eta galdu ez diren kontu zaharrak eta leiendak, naturaren erdi-erdian jarri nahi ditugu. Ipuinak gertatu omen ziren lekuetan eta errekondoetan ibiliko gara, garai bateko munduan murgilduta», diote antolatzaileek.
Bisitarientzat plana, erraza bezain erakargarria da: 19:30erako Barandiaran Museora joan —autobusa doan egongo da San Martindik, 19:30ean—, han museoa eta errota martxan ikusi bisita gidatuan, ogia egiteko prozesua ikusi eta opilak dastatu, eta 20:30ean ibilaldia hasi.
Izaki mitologikoak lagun
Txangoak hiru ordu inguru iraungo du. Bidea berez 3 kilometro da, baina tarteka gelditu, eta bost lekutan antzezpenak, irudikapenak eta kontakizun mitologikoak ikusi eta entzungo dituzte bisitariek. Barandiaranen bizileku izan zen Sara etxetik eta Perune Zaharra jaiotetxetik igaro, eta «jentilek egin omen zuten» San Martin elizaren aurrean amaituko da ibilaldia.
Gaueko miragarrien munduan barneratzeko modua ere izango da, bidean gautuko dielako. «Ibilaldia egun argitan hasiko dugu, baina ibilaldiaren erdi aldera erabat ilunduko du, eta gauez egingo dugu azkeneko zatia. Horrek handitu egingo du misterioz eta beldurrez betetako mundu ezezagunaren indarra».
Herribide zaharrean, eta Agauntzaren emariaren murmurioa aldamenean dutela, ibiltariek bost eszentan euskal mitologian barruratu ahalko dute. Bidean pertsonaia mitikoak agertuko dira: lamiak errekan ilea orrazten, jentil erraldoiak menditik behera, Basajaun eta San Martin Txiki, Mateo Txistu apaiz ehiztaria, Marimunduko eta sorginak… «Ustekabean» beste izaki batzuk ere egingo dute agerpena.
«Leku berezi honetan jaio eta bizi izan zen Joxe Migel Barandiaran. Eta inguru honetan gertatu ziren Barandiaranek entzun eta jaso zituen ipuin eta leienda asko eta asko». Horietako batzuk bertatik bertara berritzeko modua izango da, larunbatean.
Antzezpenak, eszenak eta pertsona mitologikoen paperak Jentilbaratza elkarteko kideek eta Ataungo herritarrek egingo dituzte. Azaro oro, Jentilen Etorrera kale antzezpena egiten du elkarteak, eta bi urtean behin antzerki berezia.
Edozein adineko jendeak parte har dezake, haur, gazte edo larri. Iaz egundoko jendetza joan zen, 700 lagun inguru. Aurten, inguratzen den bisitari kopuruaren arabera, ibilaldia bi txandatan antolatuko dute.
Hasieran eta bukaeran jatekoa eta edatekoa eskainiko dute antolatzaileek, ibiltarientzat. Autoa hasieran San Gregorion uzten dutenentzat, ibilaldia bukatutakoan hara itzultzeko ere garraio zerbitzua egongo da. Doan dira jarduera guztiak.
Gaueko ibilaldia
Egitaraua
- 19:30. Autobusa irtengo da San Martingo plazatik, bisitariak San Gregoriora eramateko.
- 19:30-20:00. Barandiaran Museoa zabalik. Errotara eta zerrategira bisita gidatuak.
- 19:30-20:30. Ogia egiteko prozesua. Opilak dastatzeko.
- 20:30. Ibilaldiaren hasiera, Barandiaran Museotik.
- 23:30. Ibilaldiaren bukaera, San Martingo plazan.
- Garraioa. San Martindik autobusa egongo da ibilaldia bukatutakoan ere, autoa San Gregorion utzi dutenentzat.
- Partaideak. Edozein adin. Doan da. Izenik eman gabe.
- Webgunea. www.jentilenetorrera.com