San Kristobaleko usadioak
San Kristobal Zumarragako baserri auzoetako bat da; jatorriz Aranburu baserri multzoa. Bertan dago San Kristobaleko baseliza, Antioko ermitaren ahizpa txikia izan daitekeena; txikia da neurrian, baina ez edertasunean. Auzoak bere jaia ospatuko du igandean. Auzotarrek aspaldiko ohiturari eutsiko diote eta baserrietan familia osoak elkartuko dira; baserririk ez duten auzoko seme-alabek elkarteetan izango dute hitzordua. Festaren muina eta tradizioa auzotarrak elkartzea da.
San Kristobal Zumarragako baserri auzoetako bat da; jatorriz Aranburu baserri multzoa. Bertan dago San Kristobaleko baseliza, Antioko ermitaren ahizpa txikia izan daitekeena; txikia da neurrian, baina ez edertasunean. Auzoak bere jaia ospatuko du igandean. Auzotarrek aspaldiko ohiturari eutsiko diote eta baserrietan familia osoak elkartuko dira; baserririk ez duten auzoko seme-alabek elkarteetan izango dute hitzordua. Festaren muina eta tradizioa auzotarrak elkartzea da.
Jaian mezarako ermita irekiko dute. Baseliza itxita egon ohi da eta ikusi nahi duenak Oraa baserrian eskatu behar du giltza, baselizatik hurbil. Han bertan, Oraan, prestatuko dituzte auzotarrei eta bisitariei jaian eskainiko dizkieten mokaduak. Bezperan Igaraberri baserrian egosiko dituzte txorizo muturrak eta egunean bertan Zubilagak erositako 80 ogi handietan kabitzen diren beste gazta eta txorizo pintxo emango dituzte; ardoa ere bai.
Aizkora erakustaldia
Herri kiroletan nortzuk arituko diren ez dago aurrez esaterik. Auzotar gazteenak izango dira denak eta trontzan, kaskara biltzen eta, akaso, harri jasotzen ere arituko dira. Aurten aizkora erakustaldia egongo dela aurreratu du Zubilagak, Anjel Arrospide auzoan bizi da eta gogotsu agertu da Jabier Aranberrirekin eta haren seme Julenekin lehiatzeko.
Festa txikia da San Kristobalekoa; txikia neurrian, baina ez auzotarrentzat eta han jaiotakoentzat duen garrantzian.
«Antioko baseliza bezain altxor da San Kristobalekoa»
Ana Peñak (Zumarraga, 1982) Zumarragako arte sakratua aztertu zuen eta bere ikerketaren emaitza argitara eman ere bai 2010ean. Liburuan tokia egin zion San Kristobaleko ermitari. Pagotxetako gainan kokatuta, aitzinean Zumarraga eta Azkoitia lotzen zituen bidean dago, Peñaren hitzetan «estrategikoki kokatuta».
Behar beste ezaguna al da ermita?
Antioren itzalak estaltzen duela esango nuke, baina biek antzekotasun handiak dituzte eta, txikian bada ere, San Kristobalekoa Antiokoa bezain altxor dela esango nuke. Sabaia egurrezkoa du eta egur tailen antzekotasuna handia da. Nik uste dut baserri munduko elementuetan oinarritu zirela artisauak, esate baterako, kutxetan.
Zeintzuk dira ermitaren elementu nabarmenenak?
Aldare gainean dagoen estalkia nabarmena da. Zerua izena dauka, barroko arokoa da, urdinez margotuta dago eta izarrak ditu, aldareari ukitu sakratua emateko egiten zuten. Arabiar jatorriko gaineko estaldura ere badauka, guadamecil izenekoa. XVI. eta XVII. mendeetan aberastasunaren sinboloa ziren.
Ermita noiz eraiki zuten esaterik ba al dago?
XV. mendean eraiki dutela badakigu, baina zehazki noiz eraiki zuten esatea ez nintzateke ausartuko. San Kristobaleko ermitari buruzko lehenengo dokumentuak 1540 urtekoak dira. Hasieratik auzo baseliza izan zela esango nuke, parrokia funtziorik ez du inoiz bete nire ustetan. Badago kontrakoa esaten duenik, baina bataio-harririk ez dago San Kristobalen eta horrek, nire iritziz, parrokia inoiz ez dela izan adierazten du.
Batik bat auzotarrek zaintzen dute.
Bai, garai batean udalak eta elizak zaintzen zuten. Nik uste dut auzotarren lanari esker zainduta dagoela.
The post San Kristobaleko usadioak appeared first on Otamotz.