Legorretan kalean uzten duten zaborra herritarrek bereiziko dute astean behin
Legorretako hainbat bizilagunek eurek hartuko dute beste batzuek bereizi ez eta lurrean uzten dituzten zaborrak kudeatzeko ardura. Hala erabaki zuten 22 herritarrek ekainaren 24an egindako bileran. Atez ateko bilketa sistema onartzen ez duten zenbait herritarrek oraindik kalean uzten dituzte poltsak, lehenago edukiontziak zeuden lekuetan. Bereiz litezkeen hondakin zatiki guztiak batera eta lurrean uzten dituzte.
Bilketa eredu berrira jendea egokitzeko «epe bat» utzi ondoren, neurriak hartzea erabaki du udalak. Isunak jartzeko aukera alde batera utzi du, arazoa juridikoki aztertu ondoren: «Sasieta Mankomunitateko barne araudiak udaltzain izaera edukitzea behartzen du isunak jartzeko, eta hori Legorretan ez da bideragarria».
Kaleko zaborraren arazoa lantzeko udalbatzarrean, bi neurri hartzea erabaki zuten herritarrek. «Lehenengo, arazoa sortzen dutenekin bildu eta zergatik egiten duten argitzen saiatuko gara, aurrez aurreko elkarrizketen bidez», dio udalak ohar batean.
Egoera horrek jarraituko balu, eta hala dirudi —atzo bertan kalean zabor poltsak bazeuden—, herritarren laguntzarekin bilduko litzateke beste batzuek kalean uzten dutena. Ondoren, astean behin, herriko plazan zabor hori guztia sailkatuko dute.
«Neurri hau kalean utzitako zaborren eragina jasaten duten bizilagunei errespetua adierazteko hartu da, batzarkideen ustez birziklapen sistema ondo burutzen duten bizilagunek ez dutelako horrelakorik merezi», dio udalak.
Ekimen horrekin, biziklatzen ez dutenei hondakinak gaika sailkatzea «erraza» dela erakutsi nahi diete. Herritar guztien laguntza ezinbestekoa dela eta, ekimenean parte hartzeko deia egin du udalak. Udaletxean edo udal ordezkariei eman dakieke izena.
Legorretan 2013ko martxoaren 22an hasi zen Sasieta hondakinak atez ateko sistemarekin jasotzen. Egun berean manifestazioa egin zuten, eredu horren aurkakoek. Plataformak «intsumisiora» deitu zuen.
Atez atekoaren lehenengo hilabetean, birziklatze tasa %33tik 72 igo zen Legorretan. Aurtengo urtarrileko pisaketa datuen arabera, berriz, birziklatze tasa %78koa da Legorretan.
Sasietaren kanpaina Legorretan hasi da
Bestetik, Sasieta Mankomunitateak Legorretan hasi du Birziklatzea erraza da kanpaina. Atzo egin zuten proba, plazan umeentzat jarduerak ipinita. Zer osagai zer zatikirekin bereizi eta zalantzak argitzea da helburua.
Haurrekin jolasen bidez lantzen dute gaia: erruleta batekin edo hondakin mota desberdinak dagokien sailean itsatsita. Baina helduentzat ere zabaldu nahi dute kanpaina. Legorretako «probaren» ondoren, irailetik aurrera herriz herri jarraituko du ekimenak. Organikoarekin egindako konpostaren poltsatxo bat eta haziak oparitu dizkiete haurrei.