Egoera lehertzear dagoenean
Seme-alabek eskuetatik ihes egin didate». Lotsa, kulpa eta porrot sentipena izaten da. Gizartean gutxi hitz egiten da etxeko arazoei buruz, elkarbizitza ezinezko egiten duten gatazkei buruz. Nerabeen eta gurasoen arteko elkarbizitza arazoak ez du egoera ekonomiko edo arrazarekin zerikusirik. Heziketa kontua da, seme-alabekin izaten den harreman emozionalaren ondorio; eta gizarte guztiz autoritario batetik erabat malgura pasatzeak ere izan dezake zerikusia. Hainbat arrazoi direla medio, elkarbizitza ezinezko bihurtzen da etxe askotan. Lehen keinu txikietatik hasi eta indarkeriazko gertaera gogorretaraino.
Gizarte zerbitzuetan laguntza eskatzen duten familiek bi aukera izaten dituzte: terapeuten edo hezitzaileen laguntza jasotzea edo salaketa bidez nerabeak etxetik ateratzea. Bi aukera horien artean zer egin badagoela sinetsita, ideia bati bueltaka hasi ziren duela bizpahiru urte Karlos Escaño eta Oscar Abajo. Idoia Mendibilekin batera, Gailur Kooperatiba jarri zuten martxan apirilean.
Psikologian, pedagogian, familia bitartekaritzan, gizarte heziketan, lanbide trebakuntzan eta orientazioan, soziologian, ikerkuntzan eta garapen komunitarioan prestakuntza duten taldea dira. Familia esparruetako arazoen aurrean esku hartzeko antolatuta daude. Egoera gatazkatsuetan bizi ziren nerabeek, etxetik atera eta terapia zein orientazio programetatik igaro ondoren, falta edo delituak egitearren Justiziaren eskuetan amaitu dutela ikusi izan dute Gailurreko kideek euren lan ibilbidean. Horregatik, muturreko egoeretara iritsi baino lehen esku hartu ahal izateko egitasmoa da Hezika.
Elkarbizitza eta jarrera arazoak familia esparruan bertan lantzen dituzte, etxean. «Behin arazoa dagoela onartuta, terapia bila joan gaitezke, guztiz beharrezkoa dena, eta behin kontsultatik irtenda, dena oso argi ikusten da. Etxera iritsitakoan, ordea, orain arteko ohitura txar guztiei buelta ematea oso zaila da», azaldu du Abajok. «Hor sartuko ginateke gu, etxean bertan zuzenean. Noiz dira egoera gatazkatsuak, jaikitzeko garaian? Otorduetan? Ba, hor egongo gara gu», dio Mendibilek.
Terapiaren eta salaketaren artean hutsune handia dago; zulo hori beteko du gure proiektuak» Karlos Escaño (Gailurreko kidea) «Familia harremanetan sortzen diren gatazkak konpontzeko, etxean bertan lan egiten dugu, arazoa dagoen tokian» Idoia Mendibil (Gailurreko kidea) «Zaila da honi buruz hitz egitea eta arazoa onartzea; baina neurriak berandu baino lehen hartu behar dira» Oscar Abajo (Gailurreko kidea)Egoerak gainezka egin duen kasuetan, arauak edo ohiturak jartzea beharrezkoa da, Escañoren arabera. «Aisialdi denbora ezin da hutsik egon, eta formazioa ere ez. Hori Guztia antolatu egin behar da». Gailurreko kideen lana laguntza terapeutikoaren eta gizarte hezitzaileen osagarri izan daiteke. Apirilean proiektua martxan jarri zutenetik, egitasmoari forma eman eta Goierrin ezagutzera ematen ari dira. Horretarako, lau lan lerro landu dituzte. Politikariekiko edo administrazioarekiko harremanak; udaletako nahiz gizarte zerbitzuetako teknikariekin; hezkuntza munduan ikastetxeekin; eta eskualdeko kooperatibekin izan dira harremanetan. Escañoren hitzetan, gizarte zerbitzuen eta heziketa zentroen bidez euren burua ezagutzera eman dute: «Ikastetxeetan baieztatu digute profil hauetako ikasleak badituztela; orain, zentroek badakite gure zerbitzua badagoela». Ez da erraza izaten gurasoek edo gazteek laguntza behar dutela onartzea. Gurasoek gaizki egin duten sentsazioa izaten dute, kulpa sentsazioa. Abajok argi du, ordea, ez dela kulpa kontua: «Muturreko egoerara iristea etxeko denen arazoa da, eta ez inoren errua». Arazoa gizarteratzen Guraso txarra izatearen sentipenak edo porrotarenak mugak jartzen ditu etxean arazo bat dagoela onartzeko garaian. Gailurreko kideek irailetik aurrera hitzaldiak antolatzeko asmoa dute gai horren gainean hitz egiteko. Arazoa gizarteratu eta mahai gainean jartzea da euren asmoa, jendea identifikatuta senti dadin, Mendibilen hitzetan: «Agian, gurasoak identifikatuta sentituko dira, eta laguntza eskatuko dute». Egoera horiek, gainera, ez dira egun batetik bestera sortzen. Lehenik, zantzu txikiak agertzen dira, jokaerak, denborarekin larritzen joaten direnak, eta gerta daiteke gurasoak berandu ohartzea. Indarkeria fisikoa baino lehen, hitzezko indarkeria, psikologikoa nahiz ekonomikoa ere gertatzen dira. Beste hainbat sintoma ere badira: drogen kontsumoa, esate baterako, arazo emozionalen presentzia eta maitasun gabezia bera.