Memoria historikoa jasotzeko proiektua egin duten iaz Seguran
Gipuzkoako Foru Aldundiak probako esperientzia bat abian jarri du 4.000 biztanletik beherako bi udalerritan: Asteasun eta Seguran. Laura Gomez aldundiko berdintasun zuzendariaren hitzetan, zeharkako ildoak lantzeko orduan udalek izan ditzaketen gabeziei erantzun nahi diete: «Probako esperientzia gisa planteatzen da udalekin egin dugun hitzarmena. 4.000 biztanletik beherako herrietan lan filosofia bat sustatzeko jarri dugu martxan, argi geratu delako udalerri horiek ez dutela baliabiderik zeharkako politika horiei erantzuteko: ez dute planifikazio propiorik, giza baliabiderik ez eta aurrekonturik ere».
Herri txikiak izanik, udal egitura eta baliabideak mugatuak dituzte, eta esparru horizontalak behar bezala lantzeko arduradun politiko eta pertsonal gutxi dute. Aldundiak, teknikari bana urtebetez kontratatzeko, diruz lagunduko ditu udal horiek. Langile horiek aldundiarekin elkarlanean jardungo dute, udalen barruan «izaera horizontala duten jardun esparruak» txertatzeko. Euskara, parte hartzea, berdintasuna, giza eskubideak, migrazioa eta lurralde garapena dira berdintasun zuzendariak izaera horizontaleko arlotzat jo dituenak. Horiek funtsezkoak dira aldundiko gobernuaren departamentu, politika eta erabaki guztietan. Hargatik, aldundi barruan ez ezik, herritarrengandik gertu dauden udaletan ere sustatu nahi du esparru horien garapena.
Goierri eta Tolosaldea dira Gipuzkoan 4.000 biztanletik behera udalerri gehien duten eskualdeak. Eta, horregatik, hain zuzen ere, eskualde horiek aukeratu ditu aldundiak probako esperientzia hori abian jartzeko. Datorren urtean, esperientzia horren emaitzak aztertuko dituzte, eta, horren arabera, eredu hori beste udalerri batzuetara zabaldu ala ez erabakiko dute: «Ikasgaiak atera nahi ditugu, Asteasun eta Seguran hasi eta gainerako herrietarako eredu bat sortzeko». Asteasu eta Segura hautatzerako orduan, berriz, aipaturiko ildoetan lanean aritzea ere hartu dute kontuan: «Aldundiak bultzatutako Herritarrekin eta Berdinbidean sareetan daude jada, eta lan hori sustatzea nahi dugu».
Eredu hori ezaugarri bereko udal guztietan jartzea da aldundiaren asmoa, baina, horretarako, probako esperientzia martxan jarriko du aurten Segurako eta Asteasuko udalekin. Gehienez, 35.000 euroko diru laguntza emango die udal biei, esparru horien kudeaketaz arduratuko den teknikari bana kontrata dezaten. Teknikari horiek udal ordezkari politikoekin batera lan egingo dute, izaera horizontala duten esparru horiek udalaren departamentu, plangintza eta erabaki guztietan txertatzeko.
Udal txikien lagungarri
Ekainean Diputatuen Kontseiluak onartu zuen hitzarmenaren bidez, beharrezko baldintzak bermatu nahi ditu aldundiak 4.000 biztanletik beherako Gipuzkoako udaletan proiektu estrategikoetan txerta daitezen genero ikuspegia, herritarren partaidetza, euskara eta aniztasunaren kudeaketa. Arreta berezia ipiniko dute giza eskubideen eta oroimen historikoaren alorreko proiektuetan eta udalerriaren garapen sozioekonomikoa bultzatu nahi duten proiektuetan.
Ikasgaiak atera nahi ditugu, Asteasun eta Seguran
hasi eta gainerako herrietarako eredu bat sortzeko»
Laura Gomez (Berdintasun zuzendaria)
«Udal txikiek ez dugu ildo zehatzetarako teknikaririk,
eta ditugun langileekin moldatzeak gainkarga dakar»
Pilar Legarra (Asteasuko alkatea)
«Buruan ditugun eta apur bat ukitzen ditugun egitasmoak
sakonago lantzeko aukera emango digu»
Eluska Gerriko (Segurako alkatea)
Pilar Legarra Astigarragako alkatea pozik dago aldundiaren proposamenarekin, gaur egun egiten duten lanari bultzada emango diolako: «Aldundiak halako eskaintza egitea positiboa da guretzat, proiektu horiek bideratzeko pertsona bat jartzeak aberastasuna ekarriko digulako». Legarraren ustez, probako esperientziak ez dakar ezer berririk bere horretan; udalen lana arintzeko mesedegarri izango da, ordea: «Ez da zerbait berria planteatzen; udaletan lantzen ari gara berdintasuna, euskara, partaidetza eta halako arloak. Lantzen ditugun arloak dira, hainbat egitasmo martxan jarritakoak. Baina udal txikiek ez dugu ildo zehatzetarako teknikaririk, eta ditugun langileekin moldatzeak gainkarga dakar. Asteasun, esaterako, gizarte langileari, kultur teknikariari edo politikarioi dagozkigu ardura horiek».
Legarrarekin bat dator Segurako alkate Eluska Gerriko ere, eta udaletan martxan dituzten lanketetan «hobekuntza nabarmena» izatea espero du: «Lan erritmoan aldaketa ekarriko digu; diru laguntzak eskatzeko edo justifikatzeko erraztasunak ekarriko dizkigu. Buruan ditugun eta apur bat ukitzen ditugun egitasmoak sakonago lantzeko aukera izango dugu».
Izan ere, bi herrietan ekintza zehatzak egin dituzte, baina baliabide gehiagoren beharra dute egitasmoekin jarraitzeko. Seguran, esaterako, berdintasunaren arloan diagnostikoa egina dute, eta berdintasun plana sortzen ari dira. «Parte hartzeari dagokionez, aurrekontuak edo beste zenbait proiektu aurrera ateratzerakoan herritarren partaidetza» dutela azaldu du Gerrikok. Memoria historikoari dagokionez, 36ko gerrako emakumeen bizipenak bildu zituzten Amantalek isilean daramaten gerra dokumentalean; eta, aniztasunaren kasuan, iazko festetan jatorri ezberdineko herritarrekin festa koloretsu bat egin zuten. Azken bi arlo horietan, ordea, ez dute lanketa iraunkorrik, baliabide faltagatik, eta probako esperientzia honekin horiek indartu nahi dituzte: «Ideiak eta gogoa baditugu, baina baliabide pertsonalak falta zaizkigu».
Asteasun, berriz, 36ko gerraren inguruko egitasmo bat lantzen ari dira, Aduna eta Zizurkilekin batera. Aniztasunari dagokionez, iaz hasi ziren gaia lantzen, Legarrak azaldu duenez: «Bederatzi herrialdetako jendea dago Asteasun, eta eskolaren bidez integratzen badira ere, ez dute askorik parte hartzen herriko bizitza sozialean, eta horiek erakartzeko bilerak egiten ari gara». Horri bultzada emateko aprobetxatu nahi dute probako esperientzia.
Irailetik aurrera abian
Proiektua udan bertan jarriko da martxan, bi teknikariren kontratazioarekin. Legarraren arabera, «abuztua ez da garai egokia pertsona berri bat udalean sartzeko»; horregatik, uztaila amaitzerako teknikarien hautaketa prozesua egingo dute, eta irailaren 1etik aurrera ekingo diote lanari. Seguran, astearteko udalbatzarrean onartu zuten egitasmoa martxan jartzea; eta Asteasun hilaren 23an egingo dute gauza bera.
Aldundiak, berriz, proiektuaren jarraipen batzordea osatu du jada: diputatu nagusiaren alorreko zuzendaritza guztietako ordezkariek —politikariek eta teknikariek— parte hartuko dute; udaletatik, ordezkari politikoek eta kontratatuko dituzten teknikariek. Gomezen hitzetan, jarraipena egiteaz arduratuko da batzordea: «Urteko plana definitu eta jarraipena eta balorazioa egingo du». Hiru hilean behin, esperientzia aztertzeko bilduko dira, eta beharrezkoa bada, aldaketak eta hobekuntzak ezarriko dituzte. Behin urtea igarota, probako esperientziaren balorazioa egingo dute, eta, egin beharreko egokitzapenen ostean, gainerako herrietara zabaltzen hasiko dira.