Datorren erronka: Cho Oyu
Hilabeteak bidaia prestatzen eman ondoren, hankak mendian jartzeko gogoz daude mendizaleak. Turkesa koloreko jainkosa esan nahi du Cho Oyuk tibetarrez. Nepal eta Tibet arteko mugan dagoen zortzimilakoa da, munduko seigarren tontorrik garaienena bere 8.201 metrorekin. Himalaiako tontor honetan dituzte begiak jarrita hiru goierritarrek, huraxe baitute aurtengo erronka. Pedro Garcia ordiziarra eta Oier Plazaola eta Xabier Urrate urretxuarrak bertara joango dira irailean.
Hilamaian estreinatzeko ohiko tontorra da Cho Oyu, zapalduz gero Garciarentzat seigarrena izango dena. Oier Plazaola eta biak Gasherbrun IIa elkarrekin egin zuten 2006an, han ezagutu ziren. Xabier Urratek Alpeetan eta Andeetan badu esperientzia, baina lehen zortzimilakoa izango du.
Urrian hasi ziren Urrate eta Plazaola Cho Oyurako espedizioa prestatzen. Urratek azaldutakoaren arabera «aspaditik» zuten arra eta aukera suertatu denean heldu diote abenturari.Berezia izango da mendi hau urretxuarrentzat, Xabi Ormazabal alpinista bertan hil zelako.
Geroago batu zitzaien Pedro Garcia. Indiarako asmoa zuen hasiera batean ordiziarrak, baina zortzimilakoen grinarekin Himalaiara itzuliko da. Garciak «bere esperientzia emango dio taldeari», Urrateren arabera. Gasherbrum Iean izan zen iaz Garcia. Zorigaiztoko espedizioa izan zuten hura, taldeko hiru kidek bertan bizia galdu baitzuten.
Hilabeteko epean
Korrika, gimnasioa, bizikleta nahiz eskalada, pisua bizkarrean hartuta ari dira egiten azken saioak. Eraman beharreko materiala prestatzen ari dira azken egunotan, abuztuaren hasieran bidaliko dutelako guztia bertara.
Abuztuaren 28an egingo dute Katmandurako bidaia hegazkinez eta Nepal eta Txina arteko muga pasatzeko beharrezko izapideak egin ondoren aklimatazioari ekingo diote 5.000 metrotan. Behin 5.800 metrotan oinarrizko kanpamentua jarri eta guztia prestatu ondoren, hilabete izango dute tontorra egiteko.
Monzon haizeen ondorengo garaian doaz, hotza izango dute ziurrenik, baina elur gutxiago. Asmoa gailurrera Tibet aldeko ohiko bidetik egitea dute. Behin oinarrizko kanpalekuan direla, gainera, taldea handituko dute ziurrenik mendizale gehiagorekin topo egingo dutelako.
Oinarrizko kanpalekutik gora beste hiru jarriko dituzte: 6.400 metrotan, 7.100 metrotan eta hirugarrena 7.400 metrotan. Dena aurreikusi bezala joanez gero eta eguraldiak laguntzen badie, irailaren amaieran edo urriaren hasieran ahaleginduko dira tontorra zapatzen. Itzulerako txartela urriaren 15erako dute.
Espedizioaren eguneroko gisa, webgunea prestatu dute mendizaleek.
Internetarako konexioak laguntzen badie behintzat, Himalaian bertatik ere euren abenturaren berri emango dute.