Igor Esnaola izendatu dute Gipuzkoako segalari txapeldun, pisaketa akats bat zuzendu ondoren
Uztailaren 13an Aian (Gipuzkoa) jokatu zen Gipuzkoako Sega Txapelketan Juan Joxe Lizaso izendatu zuten txapeldun, eta Igor Esnaola legorretarra txapeldunorde, 13 kilo gutxiagorekin. Baina pisaketan akats bat izan zen, Esnaolak ebakitako belar bala bat pisatzea ahaztu egin zitzaielako. Pisaketa-aktak berrikusi ondoren, eta akatsaz jabetuta, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak atzo zuzendu zuen sailkapena: Igor Esnaola da txapeldun, eta Lizaso txapeldunorde. Iaz ere legorretarrak irabazi zuen Gipuzkoakoa. Guztira 2.852 kilo belar ebaki zuen Esnaolak, Lizasok baino 97 kilo gehiago.