Ihurre auzoaren zati bat udal jabetzako bihurtu da, hirigintza lanak egiteko
Olaberriko Ihurre auzunea herri jabetzako bihurtzeko prozesuaren barruan, dagoeneko eremu bat udalaren eskuetara igaro da. Cari de la Cruz Kalean egin behar diren hirigintza obra batzuek azkartu dute jabetza aldaketa, zati horretan behintzat. Aspaldiko nahia eta helburua da Olaberrian Ihurreko langile etxebizitzen auzoa herri jabetzara bihurtzea. Jose Maria Aristrain altzairutegira lanera etorritako langileak bizitzeko eraiki zuten, XX. mendearen erdi aldera. 221 etxebizitza daude, eta 34.000 metro koadroko azalera hartzen du. Gaur egun Arcelor Mittal enpresarena da.
Olaberriko alkate Jokin Garmendiak atzo Hitzari esan zionez, Cari de la Cruz kalean irisgarritasuna hobetzeko lan batzuk egin behar dira, eta horrek eragin du eremu bat publiko bilakatzea, 25-27-29-31-33-35 atarien pareko kale puska, hain zuzen (Carrefour aldera dauden hiru etxe multzoak).
Etxe sarreretara iristeko dauden eskailerak eta koskak kenduko dituzte, aldapatxo bat eraikiz eta ingurua birrurbanizatuz. Lanen pleguak atera ditu udalak, eta publizitaterik gabeko kontratazioz aukeratuko da eraikitzailea. «Gonbidapenak igorrita daude, eta abuztuaren erdi alderako eraikitzailea aukeratuta egotea espero dugu», dio Garmendiak.
«Pauso batzuk» falta bestela
Obrak egiteko hiru hilabeteko epea izango da, eta lizitazio prezioa 169.697,49 eurokoa da (gehi BEZari dagozkion 35.636,47 euro). Aurrekontua hobetu dezakete eskaintza egiten dutenek.
Udalak diru laguntza bat eskuratu du, aurrekontuaren zati bat finantzatzeko. Hain zuzen, diru publiko horrek baldintzatu du obrak egin beharreko eremuaren jabetza publiko bihurtzea.
Olaberriko Udalaren nahia Ihurre osoaren jabetza bere gain hartzea da. Gainontzeko zatiak itxaron egin beharko du, oraingoz. Zenbat denbora, ez du adierazi alkateak: «Pautak markatuta daude, baina oraindik pauso batzuk falta dira».
Udalak ez du Cari de la Cruz kaleko 25-35 atari parea bereganatzeagatik dirurik jarri, alkateak argitu duenez. «Bukaerako baldintzen arabera egin da jabetza aldaketa. Dirurik ez du ordaindu udalak. Hitzarmen bat dago bi aldeen artean adostuta, eta horrek dioena egin da», dio alkateak.
Iaz hasi zituzten Udalak eta Arcelor Mittal enpresak Ihurreren jabetza esku publikora igarotzeko negoziazioak. Urtearen erdirako aldatzea aurreikusita zegoen. Auzoan hobekuntza batzuk egitea jarri zuen udalak baldintza.