Urrup taldea oholtzara itzuliko da gaur gauean Ordizian
Martxoaren 8ko egitarauaren bueltan prestatutako Comisaría especial para mujeres antzezlanarekin itzuliko dira Ordiziako Urrup antzerki taldekoak Herri Antzokiko taula gainera; 22:15ean hasiko da saioa. Alberto Miralles da obraren egilea eta egokitzapen eta zuzendari lanak Rosa Rojok egin ditu. Bederatzi emakume antzezle dira protagonistak: Maribi López, Ana Martinez , Arrate Leunda, Blanca López de Sabando, Nagore Lariz (Josune Azurmendiren ordez), Marisol Cavero, Irati Susperregi, Amaia Apaolaza eta Nordia Perez.
Mota guztietako pertsonaiak azalduko dira emakumeen arazoei erantzuteko propio sortutako polizia-etxe berezian. Komediak emakumeek gizarte honetan dituzten eskubide eta zailtasunak aldarrikatzen ditu modu barregarrian. Hainbat pertsonaia xelebre eta makina bar arazo sartuko dira bertako atetik. Irudimena ez ezik, baliabide guztiak ere jarri beharko dituzte martxan akats bakar batek polizia-etxearen etorkizuna arriskuan jar ez dezan.