Beasainek zuzendari, lehendakari eta jokalari berriekin hasi du denboraldia
Beasain Kirol Elkarteko Hirugarren Mailako taldea 2014-2015 denboradirako entrenatzen hasia da jada. Pasa den ostegunean egin zuten taldearen aurkezpena, eta jarraian talde berriaren lehen entrenamendua egin zuten. Zortzi jokalari berri daude taldean; horietatik bi erregional mailan jokatzen aritutakoak Beasain K.E.n.
Iñigo Arrese lehendakari
Urtzi Arrondo izango dute entrenatzaile, eta berari laguntzen ariko dira Imanol Camino, Unai Zurutuza prestatzaile fisikoa eta Josean Serrano masailaria.
Iñigo Arrese, taldeko lehendakari berriak honela ikusten du taldearen egitura berria: «Zuzendaritza Batzordea ez da aldatu ia. Ni aurreko urtean ere banengoen, besteek lau urte daramatzate eta beste bi berri daude. Harrobiko lana nabarmentzen saiatzen ari gara. Erregionaletik datozen bi jokalariri fitxa egin behar diegu eta gainerako batzuekin ere kontatzeko asmoa dugu. Gainera, aurretik zeuden Tximen eta Imaz ere beasaindarrak dira. Horrek taldeari, herriarekiko lotura gehiago ekarriko diola uste dugu, eta jende gazteak freskotasuna eta gogoa ere erakusten dutela uste dut. Urtzi entrenatzailea ere etxekoa da eta badauka plantilla bat eramateko sena».
Iaztik dauden jokalariak honakoak izango dira: Aritz Imaz, Xabier Jimenez, Tximen, Oinatz Orue, Aiert Ordoñez, Aitor Imaz, David Asensio, Ander Olaizola, Lander Iparragirre eta Javi Quintana.
Reala B-ren aurka, ostiralean
Ostiralean 11:30ean aurredenboraldiko lehen partida jokatuko dute Beasaingoek Real Sociedad B taldearen aurka Beasaingo Loinatz futbol zelaian. Beasaingo jokalariak Donostiako hondartzan entrenatzen ikusten diren bideo bat ere igo dute beasainke.com- webgunera.
JOKALARI BERRIAK

- Jon Iturbe. Atezaina, 22 urte, Antzuolatik dator.
- Gorka Ribera. Ezkerreko atzelaria, 21 urte, Anaitasunatik.
- Iban Clavert. Aurrelaria, 23 urte, Izarratik dator.
- Andoni Gorosabel. Eskuineko atzelaria, 18 urte, Realetik dator.
- Aratz Garmendia. Aurrelaria, 22 urte, Ordiziatik dator.
- Iñigo Izagirre. Erdiko atzelaria, 20 urte, Beasain erregionaletik.
- Jon Iglesias. Erdilaria, 22 urte, Beasain erregionaletik.
- Mikel Urzelai. Erdilaria, 22 urte, Real Unionetik.