Duela 25 urte pasatxo, Goierri kirol elkartearen futbol saila desagertu egin zen, Elizalde zelaiak futbolean jokatzeko beharrezko baldintzak ez zituelako. Goierrikoek baloi handia baloi txikiarengandik aldatzea erabaki zuten: areto futbol saila sortu zuten. Ordutik, ehunka gazte pasa dira taldetik. Sailak 25 urte bete ditu eta udalak jaietako pregoia irakurtzeko ohorea eskaini die.
Urretxuko Udalak lehiaketa antolatu du Iparragirre kaleko arkupea apaintzeko eta Ibon Elgarrestak aurkeztutako proposamena izan da aukeratua. Zutabeak koloretako sokez inguratuko dituzte eta goialdea beltzez margotuko dute. Maite Arboniesek eta Amaia Cidek ere lehiaketan parte hartu dute eta eurek proposatutako lana kultur etxeko sarrera berriaren parean dagoen orman egingo dute. Bi neska hauen murala auzolanean egingo dute eta birziklatutako azulejoak erabiliko dituzte.
Palestinaren kontrako erasoak salatzeko, Palestinaren askatasuna eskatzeko eta Israeli boikota egiteko galdegiteko elkarretaratzea egin zuten atzo Urretxun eta Zumarragan. Bozgorailu batek sirena hots etengabeak jaurtitzen zituen bitartean jende ugari batu zen atzo iluntzean deitutako elkarretaratzera; ehun lagundik gora elkartu zen. Adin guztietako jendea egon zen, edotariko moldeko zein pentsaerako urretxuarrak eta zumarragarrak bildu ziren.