Bihar jaurtiko dute Ordizian jaien hasiera iragarriko duen suziria
Haurrak nagusi eta protagonista izan diren lehen asteburuaren ondoren, jaietan bete-betean murgiltzear dago Ordizia. Bihar eguerdiko txupinazioak iragarriko du Santa Ana jaien hasiera ofiziala. Herritar guztien neurrira eginda, ekitaldiz beteta datorren egitaraua oparoa dute gozatzeko. Kanpaiek eguerdia iragartzearekin jaurtiko dituzte suziriak eta bonbak. Larunbatean haur danborradaren antolatzaileek izan bazuten suziria pizteko ohorea, biharkoan ere izango da gonbidatu berezirik udaletxeko balkoian.
Hain justu ere hiru izango dira txupinazoa botatzeaz arudartuko direnak: Julian Gonzalez fisika aplikatuan katedraduna, Amets Bide dantza taldeko kideak bere 50. uteurrenagatik eta Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldea lehen mailara igotzeagatik.
Joan zen astean Jesus Mari Lariz Ordiziako festa eta azoken teknikariak prentsaurrean adierazi bezala, tradizio kutsua duten ekitaldi ugari izango dira aurtengoan ere. Danborrada, Klasikoa nahiz santanazaleen ohiko esku-dantza ez dira faltako. Ibilbide laburragoa duten arren dagoeneko ohitura bihurtzen ari diren bigantxa-futbol txapelketa edo erraldoien kalejira eta topaketarik ere ez da faltako.
Berezitasunen artean Barandiaran Plazan ostiralean egingo den txirrindulari-gymkana aipatu zuen Larizek. Egun berean, Garagartza Plazan berriz, Txaston Dixie Band taldea arituko da; Ordiziako bi tronpeta-jole aritzen dira bertan.
Larunbat arratsaldeko esku pilota partidei dagokionez, aldaketak izango dira. Aspe enpresak aurreratu duenez lehen partidan Aritz Lasa-Tolosa eta Jaka-Rezusta arituko dira. Bigarrenean, berriz, Xala-Zabaleta eta Ezkurdia-Zubieta neurtuko dira.