Gaintza gain beroa izango da
Aparteko osperik ez zuketen izango Tourmaletek, Hautacamek, Mortirolok edo Angliruk txirrindularitzarik ez balitz. Neurri txikiagoan, baina Gaintza «mapan» kokatzen lagundu du kirol horrek. Batik bat Zaldibiatik gorako auzo-bidea asfaltatu, eta apirilaren 7an Euskal Herriko Itzuliko lehen etapak aurkitu zuenetik. UCI mailako urteko bigarren hitzorduak ere, Ordiziako 91. Klasikoak, Gaintza aukeratu du aurten, ikuskizun agertoki eta zaletuen bilgune izateko.
Gaintzarrek ederki sumatu dute bidexka zaharra asfaltatzearen onura. Batetik, erosoago, zuzenago eta motzago zaielako Zaldibiara joan-etorrian ibiltzeko. Bestetik, beren Angliru txikia bihurtu delako. Txirrinduzale askok jotzen dute, orain, Gaintza aldera, bizikletako bueltatxoan norbere burua probatzeko. «Nabaritu dugu jende gehiago ibiltzen dela, bai. Bidea bukatu eta gero jende asko ibili zen, eta orain ere badirudi badabilela, eguraldia hobetu duenean. Txirrinduz, eta paseatzen ere ikusten da jendea», azaldu du Gaintzako alkate Joxe Mari Garmendiak.
Eta, jakina, hori «ona» da herriarentzat. Lehen egitekoa bidea asfaltatzea zela argitu du; zehar eraginez, Gaintza ezagutarazteko ikur garrantzitsu bihurtu da. «Helburua hori ere bada. Hemen gaudela jakinaraztea. Beraz, dena borobil atera da, orain arte behintzat», dio alkateak.
Festa giroa eta goiz pasa bihar
Itzuliaren oihartzunak belarrietan durundi egiten die oraindik gaintzarrei. Jendetza bildu zen, Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa ikusteko. Bi aldiz igo zuten Zaldibiako Urtesabel bailaratik gorako murrua. Kirol arloan ere zeresana izan zuen, Alberto Contadorrek urrearen balioko 14 segundo atera zizkiolako Alejandro Valverde lehiakide zuzenari, Dendaletxetik gora erasoa jota.
Contadorrek 6:56 minutuan igo zuen Gaintza, aldapa hasten den bidegurutzetik plazaraino.
Pedal kolpeari eutsi nahi diote gaintzarrek, eta Ordiziako Klasikoaren aitzakian, egitarau berezia prestatu dute, biharko. Goiz osoan giroa izango da herrigunean (lau aldiz pasatuko dira handik). Azken biran, berriz, Zaldibia-Gaintza mendatearen gogortasuna eta lilura berritu dituzte.
Aparkaleku bereziak prestatuko dituzte bihar Gaintzan, eta inguruan txosnak jarriko dituzte, zerbait jateko eta edateko.
Gaintza Bizirik jarri diote izenburua biharko festari. Han daudela jakinarazteko, eta bisitari oro ondo hartua izango dela esateko.
Gaintza Bizirik, bihar
- Karreraren pasaerak. 10:30, 11:15, 12:00 eta 12:45ean.
- Zaldibia-Gaintza igoera. Dendaletxeko aldapa pikoa 13:30ean igoko dute, handik helmugara zuzentzeko.
- Goizean. Trikitilariak, bertsolariak, txosnak, pintxoak eta herriko gazta salmenta. Aparkalekuak egokituko dituzte.
- Bazkaltzeko. Gaintza, Larraitz, Zaldibia, Lazkaomendi, Altzaga, Altzagarate, Arama, Abaltzisketa, Orendain eta inguruko jatetxeetan otorduak.