Goierriko amateurrek Abaltzisketa igoko dute, karreraren atzetik
Txirrindularitzaren festa profesionalen ahaleginetik kanpora ere asko zabalduko da, bihar, Ordizian. Goierriko Txirrindularitza Bultzatu taldeko —Amporen babespean dihardu— adin guztietako kideak igoko dira bizikleta gainera, proba bereziak egiteko. Batetik, Ordiziako Barandiaran Plazan jinkana egingo dute, 12:00etatik aurrera. Garai batean ohikoa zen haur mailetan halako iaiotasun eta trebezia probak egitea. Profesionalen karrera 3. aldiz pasatzen denean hasiko da, eta 4. biraren ondotik bukatuko da.
Jinkanarentzako ibilbide desberdinak egongo dira plazan, zirkuituekin eta oztopokoekin. Txirrindulariak binaka ariko dira, buruz buru, kanporaketa eran. Eskolarteko adinekoentzat da. «Txirrindulari elkartekoak dagoeneko izena emanda daude; besterik inork parte hartu nahiko balu, bere bizikletarekin eta kaskoarekin azaldu besterik ez du», azaldu du Iñaki Telleria kideak.
Euria egiten badu Beti-Alai pilotalekuan izango da jinkana.
Afizionatuak aldapan gora
Afizionatuak, berriz, Amezketatik Abaltzisketara lehiatuko dira. Lehenengo biran profesionalen igoerako denbora hartuko dute, eta bigarren aldiz pasatzen direnean, atzetik egingo dute tarte bera, denbora hobetzen saiatuz.
Jubenilak Euskadiko Txapelketan izango dira bihar, Amorebieta-Etxanon (Bizkaia).