Ibilbide berriarekin, Klasiko zaharra
Euskal Herriko Itzuliak utzitako aho zapore gozoaren ondoren, txirrindularitza profesionalaren Goierriko proba gailena jokatzeko prest daude dagoeneko Ordizian. Bihar, uztailaren 25arekin, Ordiziako Klasikoaren 91. edizioa egingo da. Ibilbide berrituarekin dator aurtengo Klasikoa.
Ordiziatik abiatuta Abaltzisketatik eta Larraitzetik barrena bost bira emango ditu. Bosgarrenean,ordea, Euskal Herriko Itzuliarekin sona hartu duen maldan gora igoko dira Gaintzara. Hiru kilometroko igoera da, %20ko malda duten tarteekin eta Itzulian erabakiorra izan zena. Aurtengo ibilbideak, guztira, 170 kilometro izango ditu.
Tourra bukatu gabe
Lasterketen egutegiak hala aginduta, Frantziako Tourra amaitu gabe denean, zailtasunak izan dituzte Txapel Gorri elkarteko antolatzaileek taldeak kontratatzeko. «Taldeek UCI-Pro Tourrekoki duten gehiegizko mendekotasunagatik» punta-puntako talde asko ez dira aurten Ordizian izango. Hala ere, «lan neketsua» egin ondoren, nazioarteko talde multzo ederra lortu dute. Movistar Team, Androni Giocattoli, Caja Rural, Cofidis, Burgos BH, Euskadi, 4-72 Colombia, Team La Pomme Marseille, Team Ecuador, Team Ukyo eta Keith Mobel-Partizan taldeak izango dira Klasikoan, hain justu ere.
Izagirre, garaipenaren bila
Irteera puntuan izango da Movistar taldearekin Gorka Izagirre ormaiztegiarra. Bitan izan da garaile Klasikoan, 2010ean eta 2012an. Ormaiztegiarraren asmoa Klasikoa irabaztea izango da Movistarrek Goierriko Hitzari aurreratutakoaren arabera. «Lasterketa kuttuna dugu Ordiziakoa, etxetik gertu dagoelako, eta berriro ere protagonista izan nahiko genuke», diote. Gorka Izagirre soilik ez, Dayer Quintana eta Javi Moreno ere gogor lehiatuko dira Goierriko errepideetan. Austriako Itzulia jokatzetik datoz Quintana eta Moreno; etapa batean irabazle eta bigarren izan dira, hurrenez hurren.
Caja Ruralekin Luis Leon Sanchezek, Luis Masek edo Omar Frailek ere lehiatuko du lasterketa. Euskadi talde kontinentala ere «gogotsu» gerturatuko da Ordiziara Qinghai Lakeko Tourretik itzuli berritan. Gorka Gerrikagoitia zuzendariaren hitzetan ez dute asti asko izan Txinako probatik errekuperatzeko, baina etxekoan aurrean aritzeko gogoz daude: «Ziur nago taldeak %100 emango duela. Gainera, ez da ahaztu behar gure txirrindularien artean etorkizuneko Tourrean eta Munduko Txapelketan aritzeko mutilak ditugula, eta helburu horiek ere oso garrantzitsuak direla. Beraz, aste hauetarako motibazioa erabatekoa da».
Jose Luis Irastorzaren omenez
Ordiziako Klasikoaren antolakuntzan urte asko eman zituen Jose Luis Irastorza Gainzerainen omenezko proba izango da aurtengo lasterketa. «Parketatutako poz eta sufrimentu sentimenduengatik, baina batez ere egindako lanean jarritako ilusioagatik» egindako lana eskertu nahi izan diote Txapel Gorrikoek.