«Palestinarrak etsita daude, bizia baino ez dute galtzeko»
Tali Feld Gleiser Txilen jaio zen, baina ez da inongoa sentitzen: «Ni ez naiz inongoa, eta noan tokira noala sustraiak han ematen ditut». Alderantziz errotzen den latinoamerikar juduak urte ugari egin ditu Brasilen eta egun Dominikar Errepublikan bizi da. Zisjordaniatik etorri berri da. Gatazkak behartuta atera zen Palestinatik, «malko artean». Judua zara eta palestinarren alde egiten duzu. Ez da ohikoena.
Tali Feld Gleiser Txilen jaio zen, baina ez da inongoa sentitzen: «Ni ez naiz inongoa, eta noan tokira noala sustraiak han ematen ditut». Alderantziz errotzen den latinoamerikar juduak urte ugari egin ditu Brasilen eta egun Dominikar Errepublikan bizi da. Zisjordaniatik etorri berri da. Gatazkak behartuta atera zen Palestinatik, «malko artean».
Judua zara eta palestinarren alde egiten duzu. Ez da ohikoena.
Ez, tamalez ez da ohikoena. Nik Argentinako eskola sionista batean ikasi nuen. Gaztaroan, ordura arte kontatu zidatenaz gaindi beste errealitate bat zegoela jakin nuenean, desengainu sakon-sakona sentitu nuen. Hamaika gezur kontatu zizkiguten, eta nire mundutxoa, sare soziala barne, hautsi egin zen.
Nolatan hasi zinen Palestinaren alde egiten?
Palestinaren aldeko jarrera argi uzten banuen ere, Israelen oldarraldi jakin batek suspertu ninduen eta zerbait gehiago egin behar nuela erabaki nuen. Bestelako juduak egon bagaudela agerian uzteko lostrosjudios.com bloga sortu genuen. Gero, Palestinako jatorria duen jendea ezagutu, eta haiekin bat-bateko enpatia sentitu dut.
Hiru aste egin berri dituzu Zisjordanian; egonaldia luzeagoa izan behar zuen arren Palestinatik atera zara.
Hebronetik gertu dagoen herri txiki batean nengoen, eta gaur hemen banago Israelgo estatuaren bortizkeriagatik da. Han nengoen hiru kolonoen hilotzak aurkitu zituztenean. Benjamin Netanyahu lehen ministroak berehala Hamas egin zuen hilketen erantzule. Niri Madrileko martxoaren 15eko atentatuak etorri zitzaizkidan burura, Espainiako estatuko buruzagiek zuzenean ETA erantzule egin zutenekoa. Edozein kasutan, erailketen ondorioz Palestinan kolonoen eta muturreko eskuineko juduen bortizkeriak gora egin zuen, eta palestinarren kontrako ekintzak biderkatu egin ziren. Lagunek egoerak okerrera egingo zuela eta Palestinatik ateratzea gomendatu zidaten.
Zein analisi egiten duzu egungo egoeraz?
Gaza txikitzen ari dira bonbardaketekin eta, bien bitartean, Zisjordaniako biztanleak are gehiago estutzen dituzte. Nire ustez, bortizkeria eztanda izugarri hauez gain, palestinarren egoera egunerokoan nozitzen dituzten hamaika umiliazioek marrazten dute. Ez dute ondo lorik egiten gauetan soldaduak etxera sartzen zaizkielako, herrietako sarrerak nahi dutenean itxi zein ireki egiten dizkiete, umeak ezkutuak bailiran erabiltzen dituzte, ura eta argia kontrolatzen dizkiete, lanik ez dute, senideak erailtzen dizkiete, antsietatea daukate, gizonezkoek zigarretak etenik gabe erretzen dituzte… Nire ustez, itxaropena galdua dute. Hango lagunak erresistentzia baketsuaren alde egon dira beti, baina orain etsita daude; galtzeko bizia baino ez dutela diote, dagoeneko guztia kendu dietelako. Berrogei urtetik gorakoen gurasoek negoziazioan sinesten zuten, Arafaten sasoian. Orain, negoziazioa heltzen bada ere, badakite Israelgo estatuari soilik egingo diola mesede.
Eta Palestinar Aginte Nazionala?
Mahmud Abasek ez du konkista bakar bat ere egin. Desengainua hartu dute. Bonbardaketarik ez dagoenean palestinar guztiek ez dute Hamas babesten, baina orain guztiek eskatzen dute Palestinaren askatasuna, eta Fatahri baino Hamasi ematen diote babesa. Dena dela, Palestinar Aginte Nazionalak diru asko jasotzen du Europako eta Amerikako Estatu Batuetatik, eta laguntza horri lotuta dago; bestela, estatuarentzat lanean ari diren milaka eta milaka funtzionarioek lana galduko lukete.
Eguneroko bizitzaren zantzurik egongo da, ezta?
Bai. Gezurra badirudi ere, ingurumaria hori izanda ere, zu behera zatozenean eurenak dira eusteko esaten dizuten hitzak. Ezkontzen dira, hala ere, eta seme-alabak dituzte eta esnatzen direnean egunak zer emango dien ez dakiten arren, aurrera egiten dute ezinbestean.
Juduen aldean ikusi al duzu elkartasun izpirik?
Ez. Israelen inkesta bat egin berri dute, eta datuei kasu eginez gero %73 meniaren kontra dago. Bakearen alde agertzen diren juduak jazartzen dituzte; izan ere, gero eta muturreko talde gehiago dago kaleetan. Sinesgaitza bada ere, israeldar askok uste du palestinarren erasoa nozitzen ari direla.
The post «Palestinarrak etsita daude, bizia baino ez dute galtzeko» appeared first on Otamotz.