«Familiako zortzi kide pasa gara Legazpiko Alaitasuna errondailatik»
Legazpiko Alaitasuna errondailak 50 urte bete ditu. Julian Armendarizek (Intza, Nafarroa, 1941) hasieratik darama bertan. Izan ere, bere aitak sortu zuen musika talde hau.
Nafarroan jaio zinen. Nolatan etorri zinen Legazpira?
Nafarroako Intza herrian jaio nintzen, Malloak azpian. Baina 6 urterekin Legazpira etorri ginen. Aita maisua zen eta bertako eskolara etorri zen lan egitera. Jubilatu ondoren errondaila sortu zuen.
Aitagandik datorkizu musika zaletasuna, beraz.
Hala da, baina aitona ere musika zalea zen. Berak ere instrumenturen bat jotzen zuen. Ni 10 bat urterekin hasi nintzen solfeoa ikasten. Alberto Iriarterekin ikasi nuen. Abesbatzan ere abestu nuen. 22 urte nituenean aitak errondaila sortu zuen eta ni ere taldean sartu nintzen. Ordutik, bandurria, gitarra, lauda… jo ditut. Instrumentu gogokoena gitarra dut, baina taldean denetik jo behar da eta gehienbat bandurria jo dut.
Zure familiako kide askok jo duzue Alaitasuna errondailan.
Anaiak, osabak eta lehengusuek ere Alaitasuna errondailan jo dute. Familiako zortzi kide pasa gara bertatik. Egun, hiruk jotzen dugu errondailan. Niri dagokidanez, seme bat dut, baina ez du errondailan jotzen. Gitarra jotzen ikasi zuen, baina aspalditik Azpeitian bizi gara eta ezin da entseguetara etorri.
Ez dizkiozu berari pasako zure instrumentuak, beraz.
Egun jotzen dudan bandurria aitarena zen. 1930ekoa dela uste dut. Madrilgo Ramirez enpresa entzutetsuak egin zuen. Bandurriak, laudak, gitarrak, biolinak… egiten dituzte. Jotzen duen norbaiti pasako diot nire bandurria. Seguru aski, taldearentzat utziko dut.
Zer da, zehazki, errondaila bat?
Errondaila bat kuadrilla bat da. Izena Mexiko aldetik dator. Hemen tunekin nahasten da, baina tuna ikasleek osatzen dute. Errondailak beste ukitu bat du. Errondaila tuna baino sakonagoa da. Euskal Herriko, Hego Amerikako… kantak jotzen ditugu. Boleroak eta habanerak, adibidez. Errondaila batean denetik jo daiteke, baina musika guk erabiltzen ditugun instrumentuetara moldatu behar da.
Emanaldi asko eskaini al dituzue 50 urte hauetan?
Taldetik jende asko pasa da eta emanaldi asko eskaini ditugu. Gainera, beste errondaila batzuekin hartu-emana dugu: Ordiziako Laguntasunarekin, Lizarrakoekin, Barakaldokoekin, Altsasukoekin, Irunekoekin… Bestalde, Kanariar Irletan bi aldiz egon gara. Lizarrako taldearen bitartez ezagutu genuen elkar. Urtean hamar bat emanaldi egiten ditugu.
Nafarroan Gipuzkoan baino errondaila gehiago daude, ala?
Hala da. Izan ere, errondailak jotak abesteko oso aproposak dira. Lehen errondailekin abesten ziren, batez ere, baina egun askok akordeoilari batekin abesten dituzte.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Inguru honetan errondaila gutxi daude, baina musika eskolei esker etorkizuna baikortasunez ikusten dugu. Gazte batzuk gurekin jotzen hasi dira. Bestalde, gogor lan egin beharra dago.
Berrikuntzarik aurreikusten al duzue?
Gure errepertorioa oso zabala da. Duela bost urte trikitia sartu genuen eta berrikuntzetara zabalik gaude. Baxua ere erabiltzen dugu. Instrumentu asko erabili daitezke, baina gure
musikarekin bat etorri behar dira. Bonboa sartu nahi dugu.
Euskal abestiak jotzen dituzuela esan duzu. Zeintzuk?
Duela 10 bat urte Lizarran errondailen bilera egin genuen eta lehenengoz Xalbadorren heriotzean jo genuen. Erronka handia izan zen, baina gainontzeko errondailei asko gustatu zitzaien. Txoria txori, Eperra… ere jotzen ditugu.