Aurredenboraldia hondartzan eta Reala Brekin lehiatuz hasi dute Beasain K.E.koek
http://www.youtube.com/watch?v=3yBeQdor5k4#t=33 Beasain K.E.k uztailaren 18an hasi zuen aurredenboraldia, eta denbora tarte horretan ez dira lo egon. Ohiko entrenamenduez gain, bi zita berezi izan dituzte aste hauetan: Real Sociedad B taldearen aurkako partida eta Donostiara txangoa. Pasa den ostiral goizean jokatu zuten Real Sociedad B taldearen aurkako partida.
Pasa den ostiral goizean jokatu zuten Real Sociedad B taldearen aurkako partida. Abuztuan Real Union taldearen aurka jokatu izan dute Beasain K.E.koek (aurten, abuztuaren 9an jokatuko dute), eta horren aurretik, Real Sociedad B taldekoek Beasain K.E.koen aurka jokatzeko proposamena egin zioten elkarri, eta Beasaingo Loinaz zelaian jokatzea erabaki zuten. 2-1 emaitzaren amaitu zuten partida, Real Sociedad B taldeak irabaziz. Hala ere, Urtzi Arrondo Beasain K.E.ko entrenatzailearen hitzetan, “oso partida txukuna” egin zuten beasaindarrek. “Lehen partida zen talde berrituarentzat, jende asko jarri genuen proban, eta ondo erantzun zuten. Bi zatietan jende ezberdina zelairatu genuen, eta orokorrean partida txukuna izan zen”. Bere ustez “denek jokatu behar dute aurredenboraldian, denei eman behar zaizkie minutuak”. “Talde berria den aldetik, indartsu hasi dira; gogotsu, eta hori entrenamenduetan ere nabaritzen da. Ondo hastea ere garrantzitsua da”.
Partida berezi horrez gain, ohiko entrenamenduetatik atera eta taldeari talde izaera emateko asmoz, Donostiara ere egin du irteera talde beasaindarrak. “Urtero egiten dugu ekintzaren bat futbol zelaitik kanpo, taldea osatzeko: lotsak galdu eta elkar ezagutzeko. Beste urte batzuetan Txindokira joan izan gara, eta aurten Donostian izan gara”, dio entrenatzaileak. “Garrantzitsua da elkar ezagutzea”. Hondartzan eta hondartzatik kanpo entrenatu, eta elkarrekin bazkaldu zuten han (bideoa ikusgai dago beasainke.com eta goierri.hitza.eus orrietan).
- Albiste honekin lotuta: Hiru goierritar gehiago Beasain futbol taldean













