«Aurrera egitea lortu duten enpresak, bezeroarengandik hurbil egon izan dira»
Jose Manuel Orcasitas Irizar Taldeko zuzendari nagusia da 2010. urtetik, eta 125. urteurrenaren harira, Irizarren bilakaeraz aritu da. Era berean, Irizarrek etorkizunera begira planteatu dituen estrategien berri ere eman du. 1963an Irizar sozietate anonimo izatetik kooperatiba izatera pasa zen. Zerk bultzatuta eman zuten pauso hori? Nire aburuz, Arrasaten 50. hamarkadan piztu zen kooperatiben fenomenoak eragin nabarmena izan zuen.
Jose Manuel Orcasitas Irizar Taldeko zuzendari nagusia da 2010. urtetik, eta 125. urteurrenaren harira, Irizarren bilakaeraz aritu da. Era berean, Irizarrek etorkizunera begira planteatu dituen estrategien berri ere eman du.
1963an Irizar sozietate anonimo izatetik kooperatiba izatera pasa zen. Zerk bultzatuta eman zuten pauso hori?
Nire aburuz, Arrasaten 50. hamarkadan piztu zen kooperatiben fenomenoak eragin nabarmena izan zuen. Gerra aurretik Jose Maria Arizmendiarrieta saiatu zen zerbait egiten, baina utzi egin behar izan zuen, eta 50. hamarkadan, Fagorren sorreraren harira, fenomeno kooperatiboak indar handia hartu zuen, Arrasaten, eta oro har, Gipuzkoa guztian. Ez zen inondik ere erraza, baina berria eta zirraragarria zen, eta asko, tartean Irizar, pausoa ematera ausartu ziren.
Zer nolako eragina izan du kooperatiba izateak enpresaren bilakaeran?
Koooperatiba izateak abantaila ugari ditu. Langileak jabeak ere badira; azken finean, proiektuan inplikatuta daude, eta ziurrenik, ilusioz egingo dute lan. Helburu bera izanda, errazago inplikatzen da jendea; azken 51 urteek agerian utzi dute hori guztia.
Dena den, Irizar Taldea 12 konpainiak osatzen dute, eta Irizar baino ez da kooperatiba. Nolanahi ere, horietan ere antzekoa da kudeaketa, partaidetzak dituzte emaitzetan, eta inplikazioa badute, beraz.
90. hamarkadan hainbat arazo izan zituen Irizarrek; gainera, ia ez zuen esportatzen. Egun, aldiz, esportazioen pisua %88koa da, eta, Mexikon, Marokon, Brasilen, Hego Afrikan eta Indian ere baditu lantegiak. Nola lortu du merkatua hainbeste zabaltzea?
90 hamarkadaren hasieran ekonomia egoera ez zen ona. 93-94 urteetatik 2008ra bitartean, berriz, oso urte onak izan ziren. Urte horietan Irizarrek dibertsifikazio geografikoari ekin zion, eta oso erabaki ona izan hura, zinez.
Scaniarekin lortutako hitzarmen batzuei esker, Europara esportatzen hasi ginen , eta 1000 autobus saltzera iritsi ginen Europan. Horrek hazkundea ekarri zuen Ormaiztegira, eta gainera, gure finantza egoera egonkortu egin zuen; hala, inbertsioak egin ahal izan genituen, eta atzerriko merkatuetan murgiltzeko baliatu genuen unea, batetik, transferentzia teknologikoaren ildotik, eta bestetik, merkatu bakoitza analizatuta.
Berebiziko garrantzia izan zuen kanpoko enpresetako produktuak bezeroen beharretara egokitzen jakiteak. Urteen poderioz asko ikasi genuen; herrialde bakoitzak, bezero bakoitzak bere berezitasunak dituela ikusi genuen, eta hala, batez ere, azken bost urteetan, beroarentzat egokitu ditugu produktuak.
Egokitzapen lan honek bultzada itzela eman digu, eta hemengo produkzioaren jaitsiera berdintzen lagundu digu; dibertsifikazioari esker, batean behera egin arren, bestean gora eginda oreka lor baitaiteke.
Irizarrek Mondragon taldea utzi zuen 2008an, bazkideen %88aren babesaz. Alabaina, kanpotik kritikak ere jaso zituen. Zergatik hartu zuen taldea uzteko erabakia?
Gauzak diskrezioz egin genituen, bai guk eta bai Mondragon taldeak, hori dela eta, ez zen kanpo-kritika askorik izan . Prosezu naturala izan zen hura, suminik gabekoa; estrategia aldetik ikuspuntu desberdinak genituen, horixe izan zen guztia. Gure ikuspuntu estrategikoa eta gure erritmoa ez zetozen bat taldearenekin. Geure taldea garatzeko ideiak bagenituen, eta horrenbestez, geure bideari ekin genion, inongo haserrerik gabe, beti elkar errespetatuta.
«Mondragon taldea uztea prozesu naturala izan zen; suminik gabekoa»
«Karrozari izatetik autobus fabrikatzaile izatera pasatzea gakoa izan zen»
Taldea utzi eta urte betera, nabarmen egin zuen behera fakturazioak; zer gertatu zen?
2009an mundu mailako krisi ekonomiko gogorrak astindu gintuen. Irizarko lantegi guztietan fakturazioak nabarmen egin zuen behera, merkatuak ikaragarri jaitsi baitziren. Krisi egoera hari, baina, erantzun ona ematen jakin genuen.
Hemendik kanpoko jarduna izen zen gakoa. Izan ere, esaterako, Brasil eta Mexiko merkatu bezala, Europa baino azkarrago hasi ziren hazten.
Krisia, zinez, latza izan zen, baina 2010ean errekuperazio ona izan genuen, eta 2011an fakturazio markak hautsi genituen.
Enpresaren estrategia aldaketa ere funtsezkoa izan zen, ezta?
Estrategia aldaketa, orduan, baino, orain gehiago ari zaigu laguntzen. Aldaketa nagusia, karrozari izatetik autobus fabrikatzaile izatera pasatzea izan zen, iraultza estrategikoa izan zela esan ohi dut nik. Norabide aldaketa harek euskarri teknologikoa eta pertsonak enpresaratzeko trainning programa garrantzitsu bat izan zituen sostengu, eta 2011n, lehen autobus integralak aurkeztu genituen Belgikan, Kortrijk hirian, Europako autobus feria garrantzitsuenean. Urte beteren buruan autobus horiek banatzen hasi ginen.
Bestalde, argi ikusi genuen, munduan autobus integralen artean erreferenteak izateko gure lantegietan salto kualitatibo handi bat eman behar genuela, eta halaxe egin genuen, Ormaiztegikoan eta beste hainbatetan.
Halaber, dibertsifikazio industriala funtsezkoa izanda Irizarren garapenean. Hazteko potentziala zuten enpresak sartu ziren gure taldean, gure autobus integralak eraikitzeko ezagutza zutenak. Horren harira, berrikuntza pogramak sortu genituen, eta azkenik I+G Creatio ikerketa eta Garapen zentroa.
Azkenik, gure instalazioak berritu ditugu. Egun, bezeroak Irizarra etortzen direnean, Showroom-a eta gainontzeko instalazioak ikustean, fidagarriak eta sendoak garela ikusten dute, markaren itxura zaindu dugu azken batean, marka horretan baitago etorkizuna.
Berrikuntzez mintzo zara, eta ezin, bada, aipatu gabe utzi aurkeztu berri duzuen i2e autobus elektrikoa.
Dibertsifikazio industrialaren ondoren jaio zen proiektu hau, egiten ari ginena islatzeko unea zen. Gainera, betidanik izan dugu konpromisoa iraunkortasunarekin. Autobus elektrikoen aldeko hautua egitea erabaki genuen, hutsetik hastea eta geure programak garatzea. Autobus elektriko urbanoak ez dira oraina, baina etorkizuna izango dira, ziur gaude.
Mementoz, lehen autobus elektrikoa Donostiako autobus zerbitzuan dago asteazkenetik. Hil honetan Bartzelonan izango dute beste bat, eta hirugarrena irailerako eramango dugu. Nolanahi ere, autobus elektrikoetan interesa duten hiri asko daude.
Irizar Goierriren bihotzean dago. Nola ikusten dituzu eskualdeko beste enpresak?
Oso industria sare ona dugu eskualdean, eta enpresetan lan egiteko ondo trebatutako pertsonak ere baditugu hemen. Orain ere, 40 bat lagun kontratatzeko bidean gara. Goierrin enpresa sendo asko daude, krisiak ez die ‘hainbeste’ eragin, eta gainera, krisia bukatzen denerako ere oso ondo prestatutako enpresak dira.
Ospatuko al ditu Irizarrek 250 urteak? Nolakoa izango da etorkizuneko Irizar?
Oso desberdina izango da, oso dibertsifikatua, talde handia eta sendoa, sektore gehiagotan dagoena. Berrikuntzaren garrari piztuta eutsi beharko dio, eta bezeroengandik hurbil egon beharko du. Aurrera egitea lortu duten enpresa handiak zein txikiak, guztiak bezeroarengandik hurbil egon izan dira.
Balio horiei eutsita, beste 150, 200 edo 300 urte ere iraungo du; badira 1000 eta 2000 urte dituzten enpresa japoniarrak, hala bada, guk ere horietako bat izan behar dugu (barreak)