Pax etxea botatzen gaur hasiko dira, Lazkaon
Lazkaoko Hiribarren kaleko 2. zenbakian dagoen Pax etxea gaur botako dute. Hondeamakina bazkalondoan da hastekoa eraisketa lanean. Lau solairuko etxea deusezten egun batzuk beharko dituzte, eta aste honetan jarraituko dute. Haren tokian etxebizitzak eraikiko dituzte. Atari oso bat kokatuko dute Paxek utzitako orubean.
Euskalgintzarekin lotutako etxea izan da Pax, Lazkaon. 1965ean ikastolak hartu zuen lehenengo solairua, eta 1969 arte egon ziren ikasleak han. Ondoren, 1974an Goierriko Euskal Eskola udako ikastaroak han ematen hasi zen, solairu berean. AEKren Gipuzkoako batzarrak ere Pax-en egiten zituzten, 1970eko hamarkadan.
Eraisketak dirauen bitartean, auto gidariei saihesbidea erabiltzeko gomendatu die Lazkaoko Udaltzaingoak, herrigunera sartzeko edo handik irteteko. Pax parean errei bat tarteka moztu egingo dute, eta txandaka emango diete ibilgailuei bidea.
- Pax etxeari buruzko erreportajea (2014-6-11).