Espiritua biziberritzeko garaia
Herrialde asko eta askotako jendea bizi da Goierrin. Kanpotik etorri direnek, hizkuntza, kultura eta ohitura ezberdinak dituzte. Baita sinesmen ezbedinak ere. Horien artean, asko, musulmanak dira: islamean sinesten dutenak. Azken 30 egunak, urteko garrantzitsuenak izan dira beraientzat: ramadana egiteko garaia izan da. Musulmanentzat urteko bederatzigarren hilabetea denean ospatzen dute, eta 30 eguneko denbora tarte horretan Alak korana Mahomari bidali ziola oroitzen dute.
Eta bai modu berezian oroitu ere. Alarekiko sakrifizioak egiten dituzte denbora tarte honetan: eguzkia ateratzen den unetik atzera sartzen denera arte musulmanek ez dute ez jaten, ez alkohola edaten, ez erretzen, ez eta sexu harremanik izaten ere. Eguzkia ikusten duten tartean, gainera, bost otoitzaldi egiten dituzte.
«Hilabete sakratua da musulmanentzat», Beasainen bizi den Khalid el Ouazzanik (Tetuan, Maroko, 1968) azaldu duenez; «etapa espiritual inportanteenetakoa. Ala adoratzeko garaia, pakea eta lasaitasuna sentitzekoa».
Euren erlijioa jarraituz, eskuzabal izan behar dute, eta ramadan garaian are gehiago. «Janaririk ere ez dutenengan gehiago pentsatzen dugu egun hauetan. Behartsuetan. Eta ramadana amaitu baino hiru egun lehenago dirua eta arropa ematen dizkiegu. Bost euro pertsonako. Profetak on egitera deitzen gaitu».
Umeak «bultzatu bakarrik»
Familia musulmanetako haurrek ramadana egin beharrik ez badute ere, familiakoek gutxika ohitu daitezen saiatzen dira. «Nik hiru seme-alaba ditut, eta ramadana egiten dutenean, festa moduko ospakizunak egiten ditugu gauetan etxean, haurrei zerbait polita eta gozagarria dela irakasteko: neskei hennarekin tatuajeak egiten dizkiegu, pastelak eta gozoak jaten ditugu…».
Haurrez gain, gaixo egoteagatik ezintasunak dituztenek hilerokoarekin dauden emakumeek, lan gogorrak egiten dituztenek eta gaixo kronikoek ere hautsi dezakete baraualdia, baina, zenbait kasutan, ramadan hilabetea amaitzen denean, baraualdia hautsitako denbora-epea errekuperatu behar izaten dute.
«Gizakia materiaz eta espirituz osatzen da. Oso garrantzitsua da guretzat espiritua lantzea, bide onetik joateko, eta gure seme-alabek ere bide hori har dezaten nahi izaten dugu», dio.
Ramadana Goierrin
Goierrin dauden musulmanak, jatorri ezberdinetakoak badira ere, euren erlijioak batzen ditu. Eta fisikoki batzeko ere badituzte lekuak, meskitak. Beasainen, Ordizian eta Zumarragan daude meskitak Goierrin, eta jende dezente biltzen da haietan.
Kristauen egun handia igandea den bezala, musulmanena ostirala da eta Khalidek dioenez, Beasaingo meskitan 70-80 lagun inguru biltzen dira ostiraletan, 15:30etik aurrera.
Duela hiru urte ireki zuten Beasaingo meskita, «biltzeko beharra» ikusten zutelako. Oriamendi kalean biltzen dira. Errezurako erabiltzen duten gela nagusia, hankak garbitzeko pare bat dutxatxo, eta aparteko gelatxo bat dituzte bertan. Eta sarreran, oinetakoak uzteko apaltxo batzuk, meskitara oinutsik sartu behar baita. Ramadana egiten aritu diren egunetan ere bertan biltzen ziren eguzkia ezkutatzean, Ouazzaniren esanetan «batez ere, gazteak, hemen familiarik ez dutenak».
Baraua hausteko unea
Egunero, une ezberdinean sartzen da eguzkia, eta musulmanek une zehatz horretan hausten dute baraualdia. Beasaingo meskitan biltzen direnek, oinetakoak kendu, oinak garbitu eta une jakin hori iristean, areto nagusian biltzen dira. Errezuan hasten dira. Zutik, pixka bat makurtuta, belaunikatuta…
Denak gizonezkoak dira, akaso, Goierrin dauden emakume gehienek familia dutelako eta etxean egiten dutelako ramadana. Mutil batek gidatzen du ospakizuna, gainerakoen aurrena jarrita, baina denak altuera berean jarrita. Gainerakoek erantzun egiten diote errezuari. Oso errezu sentitua dela dirudi.
Nahikoa errezatutakoan, baraua hausten dute, meskitako areto berean. Lurrean eseri eta mota askotako jakiak jaten dituzte: tortillak, arrautza egosiak, arrautza frijituak, zopak, opil gozoak, fruta, datilak, esnea, zukuak, zopak…. Jaki garbiak jaten dituzte, eta euren erlijioa jarraituz, ez dute txerrikirik jaten.
«Goizetik gauera jan gabe egoteko, goizean ere indar handia ematen duten jakiak jaten ditugu, ordu askoan indarra eman behar digutelako», azaldu du Ouazzanik. Gehitu duenez gose izaten dira errezuak amaitutakoan, eta gustura jaten dute aurrean dutena.
Ospakizuna amaitutakoan, bakoitza bere etxera itzultzen da, erlijioaren muina lantzera: «Korana, musulmanon liburua, normalean baino gehiago irakurri eta hausnartzen dugu ramadan aldian», dio Ouazzanik.
Amaitu da aurtengoa
Aurtengo ramadanaren garaia amaitu da: ekainaren 29tik uztailaren 28ra izan da. Orain, espiritua garbi eta lasai dute.