Bizimodua eta garai hartako egitura guztiak hautsi zituen 1936ko udak. Gerrak lehertu zituen orduko bizilagunen ametsak, asmoak eta proiektuak. Duela 78 urte, ez ospatzeagatik, festarik ere ez zuten izan. Aurten, Gabiriako Andre Mari jaietan, nolabait festara itzuliko dira gudari joan behar izan zuten ia ehun herritar haiek. Gerran ibilitako Gabiriako gudarien «oroimenez eta esker onez» elastiko edo kamiseta berezi bat atera dute, eta jaietan aurkeztuko dute.
Ekimena zepolitte.com Interneteko atariak eta Gabiriako herritar batzuek sortu dute, «gudarien ibilia plazaratzeko eta hedatzeko» kamiseta diseinatuta.

Amaiur batailoiko Gabiriako gudari batzuk, 1937an, Bizkaian./Eusebio Igartzabalen utzia
«Askatasunaren eta legediaren alde 1936 eta 1937 urteetan borroka egin zuten neska-mutilen hamaika adibide dago gure herrietan. Hala ere, nekez aurkituko dugu Gabiriako herriak erakutsitako adibidearen adinakorik: herritarren %10ek esku hartu zuen, modu batean edo bestean, faxismoaren aurkako borrokan», diote zepolitte.com webgunearen arduradunek.
Hamarretik bat, gudariekin
Hain zuzen, 1936-37ko gerran gutxienez 83 gabiriar ibili ziren Eusko Gudarostean, identifikatuta eta izendatuta daudenak. 1940ko erroldaren arabera, 850 bizilagun zituen orduan herriak. Beraz, biztanleria osoaren hamarretik bat aritu zen gerran gudarien aldean, gehienak (48) Amaiur batailoian. 1936ko irailaren 17an ihes egin zuten herritik, Francoren tropak sartutakoan; asko ez ziren itzuli (14 hil ziren Eusko Gudarostean).
Gudari horien guztien izenak agertuko dira elastikoaren bizkarrean. Izen-abizenak, jaiotetxea eta zein batailoitan borrokatu ziren idatzi dute, eusko gudarien ikur ofizialaren inguruan.
Herritarren erdia pasatxo Amaiurren lerrokatu zituztenez, haiei ateratako argazki historikoa aurkeztuko du kamisetak, bularraldean. Gabiriako 25 gudari ageri dira, gerrako uniformeekin, fusilekin eta ikurrinarekin.
Abuztuko jaietan izango da erosteko aukera, Gabiriako tabernetan. «Borroka egindako gabiriar hauen guztien eredua belaunaldi berriek ezagutzea merezi» duela iritzi diote sustatzaileek.