«Bi herriotako kultur arloan musika eskola ezinbestekoa da»
Edurne Iturbe (Urretxu, 1978) Sekundino Esnaola musika eskolako zuzendari berria da. Trikiti irakaslea eta trikitilaria da. Arrate Irratia lagun, txiki-txikitatik trikitiaren hotsak entzun eta haiei lotu zela dio. Musika eskolaren erronkak, indarguneak eta gabeziak zeintzuk diren azaldu du.
Edurne Iturbe (Urretxu, 1978) Sekundino Esnaola musika eskolako zuzendari berria da. Trikiti irakaslea eta trikitilaria da. Arrate Irratia lagun, txiki-txikitatik trikitiaren hotsak entzun eta haiei lotu zela dio. Musika eskolaren erronkak, indarguneak eta gabeziak zeintzuk diren azaldu du.
Noiztik datorkizu musikarekiko lotura?
Betidanik. Trikiti munduarekin beti egon naiz harremanetan. Gurasoei asko gustatzen zaie eta beraien zaletasun hori, etxean bertan jaso dut. Arrate Irratia beti egon da piztuta gure etxeko irratian, eta bertan trikitixa pieza ugari jartzen dituztenez, askotan dantzan bukatu izan dugu irratiaren inguruan. Soinua jotzen ikasten hasterako abesti asko buruan nituen jada.
Non eta nola egin zenituen lehen urratsak?
Ikasten hasi eta urtebetera lehenengo trikitixa txapelketan parte hartu nuen. Orduz geroztik, Euskal Herriko hainbat herritako txapelketetan parte hartu izan dut. Aipagarrienak 1992n EITBk antolaturiko Trikiti Pieza Berrien lehiaketan lortutako bigarren saria eta ETBk antolaturiko Trikitixa Txapelketan 3 lehenengo saria dira.
Non egin zenituen ikasketak?
Billabonan (Gipuzkoa) ikasi nuen, Martin Musika Etxean. Garai batean musika eskoletan ez zen trikitirik erakusten eta norberak jo behar zuen erakusten zen lekuetara. Nire kasuan, larunbatero joaten nintzen aitarekin ordu bateko eskola jasotzera.
Nola ikasten zen zure garaian? Orain baino zailagoa al zen?
Ni hasi nintzenean, aurrez aurre edo zenbakien bidez ikasteko aukera zegoen. Nire kasuan zenbakiz ikasi nuen. Martin irakasleak zenbakizko partiturak zituen prestatuta eta horrela pasa nituen 3 urte, partitura gehienak ikasi nituen arte. Ondoren aurrez aurre ere ikasi nuen: irakasleak zati bat jo eta zuk belarriz hartu behar zenuen. Azkenik, bertan akordeoia erakusten zuen Angel irakaslearekin notekin nola egiten zen landu genuen. Jo ahal izateko, akordeoi partitura desberdinak derrigor soinura egokitu behar ziren. Eskola haietan soinua jotzeaz gain, partiturak nola moldatzen ziren ikasi nuen. Trikitia akordeoiarekin konparatuz oso mugatua dago eta moldaketa lana askotan egin behar da, gaur egun ere hala egiten dugu abesti askorekin.
Billabonatik Zumarragarako bidea egin zenuen.
Martin irakaslearekin nengoela Zumarragako Sekundino Esnaola musika eskolan trikiti eskolak ematen hasi ziren eta Billabonaraino joan beharrean bertara joaten hasi nintzen. Pare bat ikasturte egin eta gero, ni neu hasi nintzen Sekundino Esnaola musika eskolan eskolak ematen.
Herrietako eta auzoetako jaietan kalejira asko egindakoa al zara?
Egia esan, ez naiz erromeriatan gehiegi ibilitakoa, herriko festetan parte hartzen dut, eta gero garai batean, Donato Goienetxe Donostiako Kontserbatorioko Perkusio Katedradunarekin, Kutxa Fundazioaren bitartez, kontzertu dezente egin genituen. Saioak ordu batekoak ziren eta bertan trikiti eta perkusioko hainbat musika tresnekin abesti desberdinak jotzen genituen; horrez gain, musika tresnei buruzko azalpenak ematen genituen. Epaimahaikide ere aritzen naiz hainbat trikitixa txapelketatan.
Musika sortu ere egiten duzu, ezta? Argitara ematen al duzu?
Piezak ateratzen ditut. 1991n ETB-k Trikiti Pieza Berrien Lehiaketa antolatu zuen eta aitak esan zidan piezaren bat ateratzen saiatzeko, proba egiteko. Gelara sartu eta 10 minutuan fandango bat sortu nuen. Hori izan zen nire hasiera eta gerora abesti desberdinak atera izan ditut, batez ere, txapelketetan jo izan ditudanak. Argitaratuta Geure Golkotik 2010 diskoan 3 abesti ditut –Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eskatu eta argitaratuta–, eta Herri Operako ereserkia ere nik atera dut.
Sekundino Esnaola musika eskolako ikasle izatetik zuzendari izatera pasa zara.
Bai. Sekundino Esnaola Musika Eskolako ikasle izan nintzen. Bertan lengoaia musikala, korala, armonia eta forma musikalak ikasi nituen. Trikitiaz gain biolontxeloa eta pianoa ere ikasi ditut.
Lehen aipatu duzu trikiti klaseak jasotzetik ematera igaro zinela, noiz izan zen hori?
Irakasle lanetan 1991n hasi nintzen, eta aldi berean Aretxabaletan (Gipuzkoa) eta Bergaran (Gipuzkoa) ere eskolak ematen aritu naiz.
Nolatan animatu zara zuzendaritza hartzea?
Orain arte zeudenak uzteko asmoa azaldu zutenean, hainbat buelta eman eta gero, nire burua aurkeztea erabaki nuen. Lan gogorra izango dela badakit, baina lantaldearen laguntzaz eta aurretik egon direnen aholkuekin aurrera egingo dugula uste dut.
Lantalde bat osatu duzue orduan.
Zuzendaritza barruan Jon Goenaga eta biok gaude. Bidean aurreko zuzendaritzako Josune Agirreren eta Agurtzane Albisuaren laguntza izango dugula badakigu.
Zein dira egun eskolak dituen ahulguneak?
Orokorrean, lengoaia musikala, korala eta gutxi aukeratzen diren musika tresnak indartu nahiko genituzke. Lengoaia musikalari ez zaio duen garrantzia ematen eta ikasle gehienek uzteko joera dute hasi eta bi edo hiru urtera. Aitzitik, musika tresna bat ikasterakoan erabiltzen den hizkuntza izanik, bost urteko ziklo osoa betetzea garrantzitsua da gure ustez. Koralari dagokionez, herri mailan proiektu berri bat martxan jarriko da irailean eta Sekundino Esnaola musika eskolak proiektu horretan bere hazitxoa jartzeko prest dago. Kantu koralari ere geroz eta garrantzi gutxiago ematen zaiola uste dugu, eta gure asmoa arlo hori indartzea da, hain zuzen.
Zeintzuk dira gutxien aukeratzen diren musika tresna horiek?
Badaude gutxi aukeratzen diren musika tresnak, hala nola, biolontxeloa, tronpa, oboea, edo biolina. Ezjakintasunagatik edo, ez dira oso ezagunak eta beraiek ezagutaraztea garrantzitsua da. Adibide gisa, datorren ikasturtean tronpa ematen hasiko gara berriro urte batzuetako etenaren ondoren. Gainera musika tresna horiek eskolako taldeetan tokia daukate, eta taldeetako irakasleek buruhauste ugari izaten dituzte musika tresna batzuen faltagatik.
Zeintzuk dira gaur gaurkoz musika eskolaren indarguneak?
Zalantzarik gabe eskolan bertan dauden talde desberdinak, batez ere, Urretxun eta Zumarragan egiten diren ekintza desberdinetan parte hartzen dutenak: Big Band-a, Txistu taldea, Konjunto Instrumentala, Flauta Taldea, Rock taldeak, Trikitixa taldea.
Amesten jarrita, nolako musika eskola da zure ametsetakoa?
Nire ustez, musikan sakontzeko aukera ematen duen gunea izan behar du eskolak, arautu gabeko ikaskuntzan, baina helburuak eta edukiak garbi izan behar dituenak. Bestalde, bi herri hauen kultur esparruan ezinbestekoa da musika eskola, bertan musikariak hezten eta hazten direlako.
Herri Operan parte hartu duzu. Nolako esperientzia izan da?
Herri Operaren barruan bi lan nagusi izan ditut. Batetik, abestia edo ereserkia sortu eta grabatzea. Bestetik, herriko trikitilari guztiak elkartuta operarako abesti bat prestatzea. Ereserkiari dagokionez, ez nago horrelako abestiak ateratzen ohitua. Nik ateratzen ditudan abestiak trikitixa, porrusalda, fandango eta arin-arinak izaten dira. Herri Operarako melodia erraz bat atera beharra neukan eta gero loturak egin eta tira, uste baino errazago moldatu nintzen. Gainera grabaziorako musika eskolako Unai Lopetegi (perkusioa), Jon Goenaga (teklatuak eta umeen koroa) eta Arantzazu Calvoren (biolina) laguntza ezin hobea eduki nuen. Denon artean guztiok entzun duzuen abestia sortu genuen.
The post «Bi herriotako kultur arloan musika eskola ezinbestekoa da» appeared first on Otamotz.