Garagardoa eta giro ona izango dituzte asteburu osoan Idiazabalen
Urteroko moduan, iraileko lehen asteburuan, aparrez beteko da Idiazabalgo Igarondo pilotalekua. Bihar, etzi eta etzidamu kolore zein jatorri ugaritako garagardoak eta janari goxoa dastatzeko aukera izango dute Idiazabala gerturatzen direnek.
Hiru egunez egongo da irekita garagardo festa, 18:00etatik 04:00etara, eta egun guztietan, areto futbolean dabiltzan neska-mutilak ariko dira lanean. Gorka Zudaire neska taldeetako baten entrenatzaileak jakitera eman duenez, berrogei lagun inguru ariko dira lanean.
Garagardo zaleek izango dute non aukeratua Igarondo pilotalekuko festan. Hamabost bat garagardo dastatzeko aukera izango baitute, tartean, Guinnes garagardo beltza, hiru Paulaner mota, Fosterra, Maesa edota Deesperados garagardo ezagunak izango dituzte.
Halaber, alkoholik edan nahi ez dutenek ere izango dute egarria zerekin ase, izan ere, ura eta alkoholik gabeko garagardoa ere izango dituzte Idiazabalen.
Edariari laguntzeko, janaria ere prestatuko dute areto futbol taldeetako partaideek. Idiazabaldarrek gainontzeko garagardo festetan hain ohikoak izaten diren ukondoaz eta saltxitxez gain, bestelako jakiak ere izaten dituzte. Hala, iazko moduan, hirugiharra, solomoa, patata-tortilla, oilasko hegoak, hanburgesak eta brotxetak ere izango dituzte dastagai. Gainera, postrea ere eskainiko dute.
Aurtengo edizioan jende dezente ibiltzea espero dute. Joan den urtean, aurreko bi urteetan baino jende gehiago gerturatu zen Igarondo pilotalekura, eta aurten ere jende kopuruak gora egitea desio dute. «Aurten ere iazko joerak jarraitzea espero dugu. Etortzen denak ondo pasako du; edana eta janari goxoa izango ditu, eta gainera, datorren urtera begira, aurrera egiteko laguntza emango digu».
Areto futbolaren pisua herrian
Egungo gizartean, oihartzun handiena duen kirola futbola bada ere, beste hainbat kirolek ere badute lekua jendartean. Idiazabalen, esaterako, areto futbola pisu handiko kirola da. Horren erakusle dira, datorren ikasturtean izango dituen taldeak. «Aurten, ziurrenik, 3. mailan jokatzen duen mutil taldea, eta infantil, kadete eta senior mailako hiru neska talde izango ditugu», azaldu du Zudairek.
Entrenatzaileak argi dauka futbola askoz gehiago «saltzen» dela, «telebistan futbola ikusten dute; halaber, herrietan, federazioetan… askoz gehiago bultzatzen da futbola, eta horren aurrean ez dago zer eginik». Nolanahi ere, areto futbola ezagututa «saltzen» delakoan dago Zudaire: «Baditugu bi kirolak probatu eta areto futbola aukeratu duten jokalariak ere».
Idiazabalgo areto futbol taldeetan, nagusiki herritarrek jokatzen badute ere, inguruko herrietatik ere gerturatzen dira jokalariak; «batik bat, Seguratik eta Zegamatik etortzen dira», dio.
Kirolari guztien modura, irabazteko jokatzen dute, alabaina, helburu nagusia jendeak kirola egitea da. «Futbolak erabiltzen duen filosofia da onenek jokatzearena, balio ez duena kanpoan uzten dute. Gu, maila batzuetarako, behintzat, ez gaude ideia horrekin ados. Jendeak kirola egitea nahi dugu; lehiakortasuna izan behar da, baina denen artean, ez onenen artean bakarrik».