Lau belaunaldi udaletxepean
Asteazkenean Euskal Jaietako azoka berezia egingo dute Ordizian eta Itziar Etxeberria saltzailea, bere familiako aurreko hiru belaunaldi bezala, bertan izango da, asteazkenero moduan. Artzain askok beren lanak utzi eta azoketan ibili ordez, askok, merkatarien esku uzten dituzte kaleko lanak. Itziar Etxeberria (Ordizia, 1973) asteazkenero, fin-fin egoten da Ordiziako udaletxepeko postuan.
Asteazkenean Euskal Jaietako azoka berezia egingo dute Ordizian eta Itziar Etxeberria saltzailea, bere familiako aurreko hiru belaunaldi bezala, bertan izango da, asteazkenero moduan.
Artzain askok beren lanak utzi eta azoketan ibili ordez, askok, merkatarien esku uzten dituzte kaleko lanak. Itziar Etxeberria (Ordizia, 1973) asteazkenero, fin-fin egoten da Ordiziako udaletxepeko postuan. Gaztak (Urbasakoak gehienbat, Lazkaokoak, Zaldibiakoak, fabrikakoak…), intxaurrak, babarrun zuriak eta beltzak, baba txikiak, irasagarra eta sagardoa saltzen. Merkataria da, Arizmendi Gaztak etxekoa.
Udaletxepeko postuan dagoen familia bereko laugarren belaunaldia da Etxeberria. Ama ere oraindik lagun izaten du azokan, bera ere bere amarekin etortzen zen bezala, eta aurrekoak ere berdin. «Oso gustura etortzen da ama azokara, eta saltzen ere aritzen da. Azoka kenduz gero, sufritu egiten du: «Behin edo behin etorri ezinean egon da, begitik operatu zutenean, eta… sufritu egiten zuen. Azokara etorri, jendearekin hitz egin, kontu batzuk esan… gustatu egiten zaio, bai».
Itziarri berari, umetan ez zitzaion gehiegi gustatzen lana: «Oporretan eta etorri izan ginen hiru ahizpak, eta gure lagunak azokan zebiltzala, gu postuan egon behar, erdi lotsatan». Administraritza ikasi zuen, eta azokari gustua hartu, eta beste bi ahizpek ez bezala, amaren ogibideari eutsi dio.
«Hasieran, erosle askok ama ezagutzen zuten ni baino gehiago, eta hark zerbitzatzea nahiago izaten zuten. Dagoeneko ni ere ezagutzen naute».
«Hemen ez dago oporrik», dio. Baina, sekretu bat ere kontatu du: «Ordiziako festetan bai, orduan piper egiten dut azokan, herriko festez pixka bat behintzat gozatzeko».
Asteazkenerokoa
Asteazkenetako Ordiziako azoka, astearteetan hasten da Etxeberriarentzat. Azokara eraman beharreko produktuak prestatu egin behar dira: intxaurrak, babarrunak, babak… kilokako zorrotxoetan jarri saltzeko prest, postuko mahaia prestatu, pisuak, …
Asteazkenean, 06:30erako jada plazan egoten dira, furgonetarekin. Trasteak deskargatu, mahaia jarri, beira-arasa muntatu eta produktuz bete, pisua, kaxa, Txindokiko argazkia… Horiek prestatzen ari direla hasten dira jada lehen bezeroak, eta noski, aterata egon edo ez, bezeroak eskatutakoa ematen diote.
«Lehen goizago hasten zen azoka. Gu 06:00etarako etortzen ginen lehen, eta harakinak eta antzerako saltzaileak, asko etortzen ziren. Hori bajatuta dago pixka bat», dio. 07:30-07:45 alderako dena muntatuta izaten dute. Gosaltzera joaten da orduan Etxeberria, indarra hartu eta poliki-poliki inguratzen diren lehen bezeroei eskatutakoa ematen hasteko. Postua jasotzen 13:30 aldera hasten dira, 14:10ak ingurura arte. Behin dena jasota, furgonetan biltegira joan eta deskargatu egiten dute dena. «Pisu handiarekin ibiltzen gara; ni aspalditik nabil hernia diskalarekin».
Lanak 15:00 aldera amaitzen dituzte, eta Lazkaoko Patxirekin eta Rakelekin trago bat hartzera joaten da Pionera, egunak utzitakoa errepasatuz.
«Ondo saltzen da Ordizian», dio. Erosle fidelak ere baditu: baita oporretan ere: «Txiki-txikia nintzenetik gogoratzen dut nola udaro-udaro etortzen ziren Herrialde Katalanetatik, Madrildik, Zaragozatik… Gazta jakina nahi izaten dute eta urtero etortzen dira Ordiziako gure postura, hona datozenean. Abuztuko feriak ere oso onak izaten dira», dio.
80 urte ditu jada Etxeberriaren amak baina asteazkenero lagun izaten du azokan. Bitartean, aita ostegunerako bezeroen eskariak jasotzen aritzen da, telefonoz, 82 urteekin.
Saldu eta prestatu
Baina, ez pentsa horrekin amaitzen duenik lan-eguna. Asteazkena luzea izaten da Etxeberriarentzat. Arratsaldean ostegunerako eskarietako produktuak prestatu behar izaten ditu, hurrengo egunean dena prest izateko. Donostia, Hondarribia, Irun, Astigarraga… eta inguru horietan ibiltzen dira. «Sagardo denboraldian askoz lan gehiago izaten dugu. Orain lasaiago gabiltza», dio.
Saltzera joaten direnean, erosi ere egiten dute: «Sagardotegietara gazta eramatera joaten gara, eta bide batez, guk ere beraiei sagardoa erosten diegu. Sagardo hori, saltzeko baino, azokako erosleei oparitzeko erabiltzen dugu gehienbat: bezeroa mimatu egin behar da», dio. «Aitak aukeratzen du sagardoa, upeletatik probatuta, garai batean bezala».
Asteazkenetan Ordizian egoteaz gain, esan bezala, ostegunean banaketa lanetan aritzen dira Donostialdean eta larunbatetan, berriz, Tolosako azokara joaten dira. Donostiako, Oñatiko eta Ordiziako Sagardo Egunetara ere joaten dira, eta lehen Santo Tomasetan Donostiara joaten baziren ere, azken urteetan joateari utzi diote, «postuagatik asko ordaindu behar zelako eta egun osoan jende askok lan egin behar izan zutelako; errentagarri ateratzen ez zelako».
Azokaren geroaz galdetuta, «orain saltzaile gazteenetakoa» dela dio ordiziarrak, baina, azokak iraungo duela uste du: «500 urtean iraun badu, aurrerantzean ere zerbait egingo dugu». Azokan saltzaileak egoteko, ordea, baserritarrek jarraitu behar dute, eta horretan zailtasun gehiago ikusten du. «Laguntzak badaude, baina, bizimodu gogorra da».