Eguraldia bezain bero dago giroa Ordiziako Euskal Jaian
Goizak aurrera egin ahala beroa ere nabaritzen hasi da, eguzkiaren indarra gorantz doan bidean ari baita jendea ere Ordiziako Euskal Jaira gerturatzen. Eguerdian egingo den gazta lehiaketako gaztak frontoian daude dagoeneko, aurten 52 gazta aurkeztu dituzte, eta 13:00ak inguruan jakingo da nork irabazi duen. Handik segituan, berriz, nork erosi duen enkantean gazta irabazlearen erdia.
Lehiaketara aurkeztu diren 52 gaztatatik 24 ketuak dira. Gipuzkoako 24 artzainek aurkeztu dute gazta lehiaketara, Arabako 10ek, Nafarroako 12 eta Bizkaiko 6. Horien guztien artean 10 dira goierritarrak. Zerain, Ordiziko bi, Ataun, Lazkao, Idiazabal, Legazpi, Segura, Gabiri eta Olaberriako gaztak dira aurkeztu dituztenak.
Zaldi-gurdian eraman dituzte goizean gaztak D’elikatuz zentrotik Beti Alai pilotalekura, herrian zehar desfilea eginda. Ohiko moduan, asteazkeneroko azoka ari dira egiten Plaza Nagusian, barazkien postuak Joxe Miel Barandiaran daude eta ganadu feria Garagartza plazan. Bertan aurkeztu dute gainera Pirenaika arrazako behin elkartearen logotipo berria, eta hala nahi dutenentzat behi haragi pintxoak ere banatuko dituzte.