«Emaitza onekin ilusioa erraz sortzen da, txarrekin konpromisoa behar da»
Aurre denboraldian buru-belarri ari da Urola futbol klubeko lehenengo taldea erregional preferentean. Denboraldi berrian Iban Lopez (Eibar, 1983) entrenatzaileak gidatuko du taldea. Zumarragara iritsi berritan, taldea ilusioz beteta ikusi du. Maila igoera buruan dutela aurreratu du entrenatzaileak.
Aurre denboraldian buru-belarri ari da Urola futbol klubeko lehenengo taldea erregional preferentean. Denboraldi berrian Iban Lopez (Eibar, 1983) entrenatzaileak gidatuko du taldea. Zumarragara iritsi berritan, taldea ilusioz beteta ikusi du. Maila igoera buruan dutela aurreratu du entrenatzaileak.
Nola iritsi da eibartar bat zumarragara?
Urolako zuzendaritzako kide baten bitartez. Hasiera batean Rafa Martinez de Lezea zumarragarra lehenengo entrenatzailea izatekoa zen, baina erabateko konpromisoa hartzea ezinezkoa zuenez, azkenean neu izango naiz lehena eta bera izango dut bigarren entrenatzaile.
Uztailean ezagutu zenituen taldeko jokalariak, ezta?
Uztailean bi astez aritu ginen lanean, baina abuztuaren 21ean ekin genien entrenamenduei.
Zein ezaugarritako taldea aurkitu duzu?
Jokalari denak kasik harrobitik datoz, eta Aitor Azpiazu fitxatu dugu geurekin jokatzeko. Ilusioa duen taldea topatu dut, indarrez jokatzen duena, bizia dena; horrenbestez, jarrera ona aurkitu dut. Edozein kasutan, helburu indartsuak finkatuz gero, konpromisoak aurreko hori guztiak bezainbeste balio du. Ez da nahikoa entrenamenduetan dena ematea, zelai kanpoan ere nork bere burua zaindu behar du. Hori lortuz gero, taldeak oinarri sendo bat izango du eta lan egitea errazagoa izango da.
Ilusioa ez da aski partidak irabazteko…
Ez horixe. Ilusioa, gainera, hitzez baino ekintzetan erakutsi behar da. Ilusioa errazago erakusten da emaitzak onak direnean, baina txarrak direnean konpromisoa behar da derrigor. Horrelakoetan ikusten da nork laguntzen duen taldeak aurrera egin dezan, nor kikiltzen den edota nork ematen duen dena.
Helburu sendoak aipatu dituzu, zein helburu daukazue hastear dagoen denboraldian?
Orain aurre denboraldia jokatzen ari gara. Azkeneko partida Iurretakoren kontra jokatuko dugu; Bizkaiko taldea gu baino maila bat gorago dago, baina nik erronkak gustukoak ditut.
Eta jokalariek?
Nork edo nork talde txikiagoen kontra jokatzea errazagoa litzatekeela esan du; hala ere, nik uste dut hobeak direnen kontra jokatzeak zure mailaren neurria eman ahal dizula, alegia, non zauden erakusten dizu. Nire asmoa egunetik egunera hobetzea da, ekainera iritsi eta zertan hobetu dugun esateko moduan egon nahi dugu.
Nolako liga aurreikusten duzu?
Maratoi moduko liga bat izango da. 30 partida jokatuko ditugu. Une txarrak eta une onak izango ditugu, nire helburua txarrak oso txarrak ez izatea da, eta onetan ere euforia kontrolpean izatea.
Aurreko denboraldian Urola mailaz igotzeko zorian egon zen. Aurten ohorezko mailara igotzeko faboritoen artean al zaudete?
Iaz igoeratik bi puntura geratu zen Urola, eta aurten igotzeko faboritoen artean egon gaitezke. Dena dela, denboralditik denboraldira asko aldatzen dira gauzak. Zuhur jokatu beharko dugu, gure taldean aldaketak egon diren bezala beste talde batzuetan ere gerta daitezkeelako, eta iaz okerrago ibili zen talde batek aurrea hartu ahal digu.
Urola klubak futbol eskola dauka, harrobia da.
Bai, nik nagusien eta haurren arteko harremanak sustatu nahiko nituzke, gure partidetara gonbidatu edota txikiekin aritzeko aitzakiak bilatu; aukerak badaude eta ideiak ere bai, nahi beste.
The post «Emaitza onekin ilusioa erraz sortzen da, txarrekin konpromisoa behar da» appeared first on Otamotz.