Pello Rubiok eta Iraditarrek eskuratu dituzte barazki, fruta eta perretxikutako sariak
Euskal Jaiko azoka berezian, eguerdian banatu dituzte barazki, fruta eta perretxiku lehiaketen sariak, Barandiaran plazan. Sari gehien eskuratu dituena Hernaniko Zabaloenea baserriko Iraditar sendia izan da. Fruta lehiaketan lehen saria jaso dute, eta bigarren Idiazabalgo Kalbario baserriko Ramon Aseginolaza geratu da. Perretxikutan, berriz, banatu dituzten bi aipamen bereziak hernaniarrek jaso dituzte, Zuñiga anaien eta Maddi Iradiren izenean aurkeztuak.
Barazki lehiaketan, lehen saria Txillarre baserriko Pello Rubio elgoibartarrak jaso du. Bigarrena Maite Arantzabal billabonarrarentzat izan da (Akulebi etxea), eta hirugarrena Jone Irizar donostiarrarentzat (Muno baserria).
Euskal oiloen sailean, berriz, Garagartza plazan erakutsi dituzte. Oilo beltz, gorri, lepasoil, marradun eta zilarretan banatu dituzte sari bana. Iñaki Izeta beltzetan (Aia), Maria Jesus Lejardi gorrietan (Markina), Mikel Albizuri lepasoiletan (Getariako Abeletxekoa), Nekane Gonzalez marradunetan (Aiako Ibarrola Behekoa), eta Inaki Izeta zilarretan (Aia) izan dira saritutako oilozaleak.
Oilo lote onenaren saria Iñaki Izetak jaso du, eta bigarren saria Mikel Albizurik. Goierriko oilo lote onena Igor Garmendia zaldibiarrak aurkeztutakoa izan da.
Ganadu lehiaketa ere egin dute, Garagartza plazan. Bederatzi baserritako 52 buru eraman dituzte lehiaketara, tartean Goierriko Urbizu Berri (Idiazabal), Izar (Zaldibia) eta Zuloaga (Urretxu) ganadutegietakoak. Zazpi sailetan epaitu eta saritu dituzte.