
Atzokoak sona handia du Euskal Herri osoan, eta berezia ez litzateke izango astero-astero etortzen direnei esker ez balitz. Ohikotasunetik ateratzeak ematen baitio aparteko ikutu hori. Hauek ezagutza areagotzeko beharrezkoak badira ere aho batez diote «saltzeko edozein asteazken hobea» dela: «Gaur ikusmiran jendea gora eta behera bai, baina eskuak poltsikoan. Tabernarien feria izaten da gaurkoa». Eta horrela da: festa eguna izaten da.
Egun honetarako ahalegin berezia egiten dute saltzaile askok, aurkezpen zainduak eta produktu bitxiren bat edo beste topatu ohi da. Atzo, esate baterako, 63 kiloko kalabaza ekarria zuten Montesenekoek, eta «toki gozoan hazi da», zioen umorez Patxi Izagirrek. Kalabaza mota ezberdinez inguratua, dotore Arantxa Iparragirrek saldu ohi dituen barazkien artean.
Babarrun beltz berria hasi da

Estimazio handiko jakia dugu hau, eta lehenak are eta preziatuagoak. Nolako babarrun urtea izango den galdetuta leka asko dutela eta eguraldiak laguntzen segitzen badu urte ona datorreneko kontua eman digute. 12 eta 13 euroan salgai jarri dute aletua nahiz lekan.
Lehen irasagarrak ere salgai 2 euroan kiloa. «Gutxi batzuk urtero ekartzen ditugu baina ez da ondo saltzen». Nonbait jendeak sagardotegira joan eta gustora jan bai, baina ez du irasagar dultzerik egiteko joerarik.
Intxaur berria ere aipatu behar da. Lehenak beti ere heze antzekoak izaten dira, baina gustu hori propio maite duenik ere bada. 4,5-5 euroan kiloa poliki saltzen da.
Mikologia atalean hemengo gutxi bazen ere ikusgarritasun handiko postua Lasarena, onddo, gibelurdin, zizahori, boilur, esnegorri, saltsa perretxiku beltza… aukera zabala.