Hator Argentinara
Izaro Intsausti eta Eñaut Arretxe Argentinan izan dira Necocheako Euskal Etxean. Hator Hona proiektuarekin euskal dantzak eta euskara erakusteaz gain, euskal diasporarekin harremanak sendotzea izan dute helburu.
Ahaztezinezko esperientzia bizi izan dute Izaro Intsausti ordiziarrak eta Eñaut Arretxe segurarrak aurtengo udan. Uztailaren 18tik abuztuaren 8ra, Argentinako Necochea herriko Euskal Etxeak sortutako Hator Hona proiektuan parte hartu dute.
Hator Hona egitasmoa 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitasmoa da eta Euskal Herriko beste zazpi gazterekin batera, argentinarren neguko oporrak aprobetxatuz, hiru astez, euskara, dantza, trikitixa, panderoa, herri kirol eta gastronomia eskolak eman dizkiete argentinarrei. Hiru astez, astelehenetik larunbatera, arratsaldetan, Euskal Etxean bertan eman dituzte eskolak.
Adin desberdinetako taldeak izan dituzte Arretxek eta Intsaustik. Arretxek, euskara eskoletan, 14-16 urte bitarteko talde bat eduki du, adibidez. «Interes handia zuten euskaraz eta Euskal Herriaz. 14-16 urte bitarteko gazteak girotzen badira, adibidez, jarraipena ziurtatuta dago».
Euskal Etxera gerturatzen diren gehienak euskal jatorrikoak badira ere, denetarik dagoela diote. «Batzuk lehenengo hiru abizenak italiarrak dituzte eta euskal abizena ez dakite non daukaten. Baina ikaragarria da nola bizi duten hau dena». Dena den, helburu akademikoa baino harago doa Hator Honaren helburua: gazteen arteko harremanak sortzea eta euskararen eta Euskal Herriaren harra piztea. «Euskal Etxekoek badakite Hator Hona programarekin hiru astean inork ez duela euskararik ikasiko edo trikitixarik jotzen ikasiko. Baina helburua, euskal kulturaren harra piztea da, eta Euskal Herriarekin lotura mantentzea», azaldu du Eñaut Arretxek.
Euskal komunitatea Hator Honako gazteek hegaldia bakarrik ordaintzen dute eta Necocheako familietan eman diete ostatua gazteei. Arretxe, gabiriar jatorria duten Antonio Alustizaren eta Ignacioren (ikus 12.orria) etxean egon da. Intsausti, berriz, Hator Hona proiektuaren sortzaileetako baten etxean.
Euskal komunitateak Necochea hirian duen indarra bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. «Hego Amerikako euskal etxerik handienetakoa da Necocheakoa. Gu harrituta gelditu ginen. Eraikina bera oso handia da eta urtean zehar ekitaldi asko egiten dituzte. San Sebastianak, Inauteriak, Sanjoanak, Saninazioak… Oso aktiboak dira eta ekintzak antolatzeko prestutasun handia dute», dio Intsaustik.
«Hunkigarria da 12.000 kilometrora Euskal Herria eta euskara nola bizi duten ikustea» Izaro Intsausti (Dantza irakaslea)
«Euskal kulturaren harra piztea eta Euskal Herriarekin lotura mantentzea da helburua» Eñaut Arretxe (Euskara irakaslea)
San Inazio egunean, adibidez, ekitaldi handia egin zuten: 300 lagun elkartu ziren afarian. «Necocheako euskal komunitateak indar handia daukala ikusten da. Herriko plazan, Gernikako arbolaren kimua daukate, el retoño deitzen diote beraiek», gaineratu dute.
2016ko azaroan Argentinako Euskal Aste Nazionala antolatuko du Necocheako Euskal Etxeak. Urtero, Argentinako euskal etxe batek antolatzen duen festa handia da.
Harremanak sendotu Euskal Herritik 12.000 kilometrora Euskal Herria eta euskara nola bizi duten ikustea hunkigarria dela diote. «Indarra ematen du», gaineratu dute. «Lehenengo egunean izugarrizko harrera» egin zieten. «Agurra dantzatu ziguten, afaria antolatu zuten… Afalondoren, Otxote deituriko gizonezkoen taldekoek Boga Boga abestu ziguten. Hunkigarria zen benetan, hura antolatzeko zer nolako sentimentua jarri zuten ikustea. Ilusioz betetzeko esperientzia ona izan da».
Bizitako esperientziaren ondotik, Euskal Herriko gazteentzat aukera ona dela diote. «Luxua da, hainbeste kilometrora euskal kultura nola bizi duten bizi eta ikusi ahal izatea. Hemen euskal munduan gabiltzanok ikusten dugu kosta egiten dela, beti tiraka ibili behar dela. Argentinara joan eta pilotari buelta ematea bezala izan da. Jendeak han gehiago eskatzen du».
Garbi daukate Intsaustik eta Arretxek: «Ezagutu beharrekoa da. Gazte guztiei gomendatzen diegu. Gu ere itzuliko gara». Hori bai, neguan ezagutu dute Argentina, «eta udan ezagutu beharra dago. 2016ko euskal astea ez da aukera txarra izango», gaineratu dute.
Ezezagutza Argentinako egonaldiarekin «euskal diaspora zeinen gutxi ezagutzen dugun» konturatu dira goierritarrak. «Munduan zehar euskal etxeak badaudela bai, baina hortik aurrera ez nekien askoz ere gehiago. Euskara ikastea, txiki-txikitatik euskal dantzak ikasten hasten ikustea… izugarria da. Hemengo askok baino hobeto egiten dute dantza. Eta hori dena hemen ez dugu ezagutzen. Gure Esku Dago egitasmoarekin ere giza katea antolatu zuten Necochean. Askotan ez daukagu hangoen berri», dio Arretxek.
Harremanak saretu Euskal diasporaren eta Euskal Herriaren arteko harremana saretu beharra ikusten dute goierritarrek. «Diaspora ondo saretzeko lanean jarraitu behar dugu. Haiek badaukate gure berri. Interneta aldaketa handia izan da beraientzat eta gaur egun Internetarekin baliabide asko dituzte Euskal Herriko informazioa jasotzeko. Baina kontrakoa falta da: diasporan egiten dutenaren berri Euskal Herrian ezagutaraztea eta kanpoko babes hori sentitzea».