Beasaingo ludoteketan izena emateko aukera dago irailaren 26a arte
Irekita dago jada Beasaingo Berritsu eta Txelotxe ludoteketan izena emateko epea. Aurten ludoteketan onartuko dituzten bazkideak gutxienez 2009an jaiotakoak eta gehienez 2002an jaiotakoak izango dira; hau da, 5-12 urte bitartekoak izango dira. Horretaz gain, Beasainen erroldatuek izango dute lehentasuna.
Izen-ematea irailaren 26a bitartean egin ahal izango da. Bi ludoteketan eman daiteke izena, 16:00etatik 17:00etara. Izena emateko beharrezko dokumentuazioa ondorengo da: izen emate fitxa beteta, haurraren argazki bat eta matrikula oraindu izanaren ordainagiria. (63 euro Beasaingo Udalaren 2095 5030 81 1063595853 kontu korronte. zenbakian sartu behar dira). Fitxak ludoteketan, ikastetxeetan eta udaletxean ere eskura daitezke, eta baita udalaren web orrialdean ere. Ludoteka bakoitzaren bazkide kopurua ondorengoa izango da: gehienez 100 haur onartuko dira Berritsun txanda bakoitzean eta 30 haur Txelotxen. Ostiral honetara arte ate irekiak egiten ari dira ludoteka ezagutzen ez dutenentzat, eta irailaren 22tik 26ra arteko astean bazkide berrientzako astea egingo dute. Ikasturtea normaltasunez irailaren 29an hasiko dute.
Ludotekez gain, Eizu gaztelekuak bihar irekiko ditu ateak, (ostegunetan eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan eta igandeetan 16:00etatik 20:00etara). Irailaren 27an irekiera festa egingo dute.