«Ikusezinak diren errealitateak bistaratzen saiatzen naiz»
Ostegun iluntzean banatu zuten XVII. Igartza Saria, Igartzako jauregian, eta aurtengo irabazlea Unai Villena elgoibartarra izan da. 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza sariak; urte bete inguruko epean amaitu beharko du. Villena Elgoibarren jaio zen 1980an eta industria- ingenaria da ikasketaz. Aurrez libururik kaleratu gabe bazegoen ere, hainbat idazlan sariketa irabazitakoa da.
Berak proposatu duen lana nobela bat da. 33 urteko Ander du pertsonaia nagusitzat, baina, bere lagun Oierrek ere izango du zeresana. Ander eibartarra da, eta 2013 urtean psikiatrikotik irten eta bere gaixotasunen kontziente (eskizofrenia eta toxikomania), biziari aurre egin behar dio. Kanpoan, erabat aldatu da lehen ezagutzen zuen errealitatea. Bere txikitako lagun Oierrek laguntzen dio bere iragana gogoratzen, eta hori izango da nobelaren muina: pertsonaiaren bizitzaren errepasoa eta bere belaunaldiak gertutik ezagutu zuen garaiaren hausnarketa.
Aurrez idatzi dituzun lanak ere antzeko gaien ingurukoak dira? Zein estilotakoak?
Aurrez ipuinak idatzi ditut batez ere, eta azkenaldian oso eroso nabil testu laburrak idazten. Orain arte gai asko jorratu ditut, baina, nire ipuin gehienek giza harremanak dituzte hizpide. Ikusezinak diren errealitateak bistaratzen saiatzen naiz, bizi dugun mundua hobeto ulertzen lagundu eta hausnarketarako bideak zabaltzen dituztenak. Nire estiloari dagokionez, jakinmina duenari aholkatuko nioke http://hiriaskoberebaitan.com/ edo http://zuzeu.com/blogak/irudhitzen/ begiratzea; nik jartzen ditut hitzak bietan.
Egun lanik egiten duzu? Zertan?
Oraintxe bertan doktorego tesiko egonaldi bat amaitzen ari naiz Alemaniako Saarlandeko Unibertsitateko ikerkuntza institutu batean, hango gobernuak emandako beka baten bitartez.
Zer suposatzen du sari honek zuretzat?
Sekulako bultzada eta babes erraldoia: nobela urtebeteko epean idazteko konpromisoa, hasi dudana bide onetik doanaren sentipena, nahi izango banu hilabete batzuk idazketari soilik dedikatu ahal izateko aukeraren lasaitasuna. Baina, baita erantzukizuna eta ardura ere: lehiaketako aurreko urteetako lan sarituek izan duten mailari eustekoa, jorratuko ditudan gaiak eta garaia ahalik hoberen islatzekoa, sortutako esperantzak ez zapuztekoa. Guztira, nobela baldintza egokietan idatzi eta nire onena emateko aukera emango dit sariak.
Idazteko zaletasuna aspaldian datorkizu. Aurrez, halako nobela luzerik idaztera animatu al zara?
Nire lehen saiakera da hau. Hala ere, duela hilabete batzuk lanari ekin eta proiektua lehiaketara aurkezterakoan garbi izan nuen saria jaso ala ez, nobela bai ala bai idatziko nuela. Idazteko gogoa istorio jakin hau kontatzeko beharrari batu zaizkio eta inoiz ez bezala ari naiz idazten. Aurretik gertatu izan balitzait, aurretik idatziko nukeen, baina orain gertatu da; hau da momentua.
Ez zara sari hau lortzen duen lehen elgoibartarra (duela bi urte, Danele Sarriugarte, adibidez). Kasualitatea da, ala bada idazteko halako zaletasunik inguru horietan?
Askoren ahotan dabilen galdera da hori. Ez dut beste leku batzuetan baino idazteko zaletasun handiagoa dagoenik uste, baina, ezta kasualitatea denik ere hainbeste idazle eta idatzi-zale (horietakoa naiz ni oraindik) egotea Elgoibarren. Nik uste Elgoibarko Izarra kultur elkarteak (eta euskara/kulturgintzaren inguruan dabiltzan hainbat elgoibartarrek) zeresan handia izan dutela horretan, eta urte askotako lanaren ordaina dela. Hor daude herrian aspalditik urtero-urtero antolatzen diren gaztetxoentzako idazlehiaketak; Barren astekaria, idazteko zaletasuna daukagunoi bertan kolaboratzeko aukera ematen diguna; bere garaian Urruzuno Literatur Taldea, herriko gazteek osatzen genuena… nire kasuan behintzat, horiek guztiak erabakigarriak izan dira urte luze hauetan idazteko zaletasunari eta noizbait idazle izateko ametsari eusteko.