Legazpiko udal ordezkariak, Bikuña futbol zelaiko txikizioekin "kezkatuta" eta "haserre"
Agorreko Santikutzetako asteburu honetan txikizioak egin dituzte Legazpiko Bikuña futbol zelaian. Kirol patronatuko eta udaleko ordezkariak “haserre” eta “kezkatuta” ageri dira.
Hasteko, ostiral gauean plazako aparkalekutik hartutako su itzalgailuak hustu zituzten kirol guneko pistan, aldagela inguruan eta harmailetan. Bestetik, harmailetan eta zelaian bertan botila festa egin zutela uste dute udal ordezkariek.
Larunbatean, berriz, giltzarrapoa puskatu eta auto bat sartu zen berdegunera. Igandean gurpilen arrastoak zeuden nonahi. “Zelaia dezente izorratu dute. Inguru guztia ahal bezala txukundu eta astebururako aurreikusita zeuden partidak jokatu ahal izan zituzten, baina lana eta dirua beharko dira dena lehen zegoen moduan uzteko”. Zelaiko belarra jarri zuten Mondo enpresako teknikariek kalteen balorazioa egin behar dute.
Ez da festa giroa aitzakia hartuta futbol zelaian txikizioak egiten dituzten lehen aldia eta ekintza “lotsagarritzat” jo dute. “Bada gara festa eta txikizioa bereizteko. Bada garaia gauzak zaindu eta gizalegez jokatzeko. Legazpiar guztion dirua erabili behar dugu gutxi batzuen jarrera lotsagarriak eragindako kalteak konpontzeko”, adierazi dute.
Bestalde, larunbat gauean zelaian sartu zen autoa identifikatu nahi dute. Hori dela eta, udalak udaltzainekin harremanetan jartzeko eskatu die zer edo zer ikusi zutenei.