Urritik aurrera jarriko da martxan sistema berria
Bizilagunekin nahiz merkatariekin eta ostalariekin hainbat bilera egin ondoren, zehaztu du udalak Ordiziako Alde Zaharrera sartu eta irtetzeko kontrol sistema berria. Guztien interesak kontuan hartuta egindako aldaketa dela diote udal ordezkariek, baina oinezkoei lehentasuna emanez. Erdigunera sartzeko baimena duten erabiltzaileen matrikula irakurriko du kamerak eta semaforoa ambarrean jarriko da. Gehienez, 30 minutuz egon ahalko dute barruan, denbora hori gainditzen badute, irteera puntuan salatu egingo ditu sistemak. Pilonak, momentuz, ez dituzte kenduko. Sarrerakoak beti behean egongo dira, eta irteeran daudenak berdin mantenduko dira.
Hamabost eguneko frogaldiaren ondoren, urriaren 1ean jarriko da martxan kontrol sistema berria, atzo prentsaurrean Iban Asenjo Garapen Iraunkor eta Mugikortasun zinegotziak eta Aitor Escalante udaltzainburuak jakinarazi zutenez.
Orain arteko pilonen sistemak arazo asko eman izan dituela azaldu zuen Asenjok, eta mantenu garestia duetela. Gainera, bideo-kamerak aldatzeko beharra zegoen. «Ikuspegi tekniko huts batetik aukera ezberdinak aztertu ditu udalak, eta teknologikoki hobekien baloratutako sistema aukera da. Orain arteko sistemak erabiltzaile gutxi batzuen erabilera okerra eragin du, eta orain, berriz, jarraipen zehatzago eta hobeago bat egiteko aukera izango du Udaltzaingoak», azaldu zuen. Aitor Escalante udaltzainburuak, bestalde, sistema aldaketaren xehetasunak eman zituen. Bizilagunak 24 orduz sartu eta irten ahalko dira eremu horretatik, orain arte bezala, baina 30 minutuko langa gainditu gabe. Merkatariek eta ostalariek, berriz, bi ordutegiren artean erabaki behar dute: astelehenetik larunbatera 06:00etatik 15:00etara edo astelehenetik larunbatera 04:00etatik 09:00etara eta 20:00etatik 00:00etara. Zamalan ordutegia orain arteko bera izango da: 08:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 16:30era. Kontrol sistema berriak matrikula irakurgailu bidez funtzionatzen duenez, autoa aldatu duten bizilagunek aldaketaren berri eman beharko dute.