
Beste urte batez, eta hiru dira dagoeneko, Ataunen hilabeteko antzerki egitaraua antolatu dute. Antzeztaun zikloak hainbat konpainia eta aktore ekarriko ditu. Ostiralean hasiko da egitaraua, eta urriaren 17ra arte guztira zazpi antzezlan ikusi ahalko dira. Zazpi lan, eta bost agertoki. Herrian barrena bost lekutan taularatuko dituzte antzerki-lanak, ahalik eta jende gehienarengana iristeko: Herri Antzokian bi, udaletxeko ganbaran, Troskaeta tabernan, Artadi elkartean eta San Gregorioko plazan bi. Udalak, Troskaetak, Artadik eta Intujai enpresak osatu dute eskaintza.
«Lehenago ere urtean pare bat antzerki izan ohi ziren, sona handiko taldeak ekarriz. Duela hiru urte, erabaki genuen maila apalagoko eta mota desberdineko lanekin egitarau bat osatzea», dio Aitor Aldasoro antolatzaileak.
Hala, hilabetean mota askotako antzerkia izango da: bakarrizketak, kalekoa, ipuinak, formatu txikikoak eta antzokirako obrak.
Lehen lana, zirkoaren galeraz
Antzerkigintzan esperientzia luzea duten Ion Martinez eta Saioa Royo arduratuko dira Antzeztaun hasteaz. Ostiralean, 22:00etan Herri Antzokian, Amets zirkoa salgai egingo dute. Aurten estreinatu dute.
Antzezlanean komedia da nagusi, baina gutxinaka drama puntuak sartuko dira. Zirkoan ohikoak diren eszenak erakutsiko dituzte, euskal pertsonaia mitologiko eta gizartean ezagunak diren pertsonak erabilita.
Antzeztaun 2014 egitaraua
- Irailak 19. Aldatzen Laguntzen taldearen ‘Amets zirkoa salgai’. Herri Antzokian, 22:00etan.
- Irailak 27. Imaginaciones Nai-ren ‘Nai malabarista’. San Gregorioko plazan, 17:00etan.
- Urriak 3. Iban Nikolairen ‘Di to Wo. Artista gonbidatua Pili Eskisabel. Herri Antzokia, 22:00.
- Urriak 4. Maite Frankoren ‘Otso tonto-tontoak?’. Udaletxeko ganbaran, 17:00etan.
- Urriak 10. Boni Ofogoren ‘El elefante que perdió su ojo’. Artadi elkartean, 22:00etan.
- Urriak 11. Debote Enboteren ‘Vademekun’. San Gregorioko plazan, 17:00etan.
- Urriak 17. Jon Plazaolaren saioa. Troskaetan, 22:00etan.
Zinema aire librean emango dute bihar, eta Zinemaldira irteera datorren astean
Arte eszenikoen eskaintza ez da antzerkira mugatuko Ataunen. Udan egin duten bezala, batetik Zinema Gau Giroan eskaintzaren barruan, film emanaldia izango da, bihar. Asier eta biok film dokumentala botako dute, aire librean. Ikuskaria bihar 21:00etan da, San Gregorioko plazan. Herri Antzokiak eta Murkondo kultur elkarteak antolatu dute ziklo hori.
Bestetik, Ataungo zinemazaleek Donostiako Zinemaldira joan ahalko dute, irailaren 23an, gaur zortzi. Euskal Zinemaren Eguna dela baliatuz, La isla minima (Victoria Eugenian, 18:15ean) eta Loreak (Kursaaleko 1 kuboan, 22:00etan) filmak ikusiko dituzte, biak sail ofizialekoak. Autobusa 16:00eatn irtengo da, San Martingo plazatik. Bidaia eta bi filmen sarreren kostua 10 euro da. Herri Antzokiak antolatu du, udalaren babesarekin. Izena eman behar da, posta elektronikoz (herriantzokia@gmail.com) edo udaletxera goizez (10:00-13:00) hots eginda (943 18 00 11).