«Gauzak diren bezala ez ditut kontatu nahi, magikoki eta irudiekin baizik»
Errealitatetik tiraka, mundu fantastikoan eta magia-fikziozkoan murgil egiten du Noemi Rivera idazleak. Bi planoak uztartu ditu ‘Un otoño en California’ lehenengo eleberrian. Literaturan lehenengo argitalpena du Noemi Riverak (Lazkao, 1987) Un otoño en California (Ediciones Carena, 2014). Duela sei urte berak Kalifornian ikusitakoetatik abiatu da, eta fikzioko osagarriak gehitu dizkio Irene protagonista duen historiari, fantasiari jare eginda. Kazetaria da, eta eguneroko lanaren zurruntasunetik harago, sormena lantzeko suertatzen zaio idaztea, nola liburuan, hala blogean. Liburuko ilustrazioak ere berak egin ditu.
Lehenengo eleberria atera duzu. Gustura?
Bai. Bere garaian idatzi nuenean, ‘hau zertarako?» pentsatzen nuen. Erdizka utzi nuen, ia bukatuta, eta bi urtez ordenagailuan egon da. Lagun batek esan zidan ea zertarako nahi nuen eleberi bat disko gogorrean. Lan hori guztia han edukitzeak ez zeukan zentzurik, baina beste alde batetik beldurra ematen zidan, argitaletxeetara bidali eta kaka zaharra zela esaten bazidaten.
Zure beldurrak ez ziren arrazoizkoak. Argitaratu dizute.
Azkenean ausartu naiz. Bukatu, forma txukundu, eta bidali nuen. Argitaletxe txiki bat da. On-line eska liteke, eta liburu-dendetan ere bai. Goierrin, Lazkaoko Gerrikon eta Beasaingo Mirentxun egongo da. E-booka ere badago.
Idazteko zure beharrak bideratzeko modu bat izan da?
Bai. Ikasketen zati bat Kalifornian egin nuen, eta liburu bat idazteko lain istorio neuzkan. Pasatutako gauza bitxienak idazten hasi nintzen, baina segitzeko materiala banuela ikusi nuen 50 orrialde osatutakoan. Orduan, istorioa asmatzen hasi nintzen. Nire egonaldia ez zen hain emozionagarria izan, logikoki. Fikzio pixka bat eman diot.
Autobiografiatik zer dauka?
Asko dauka. Pertsonaiak ere nire parte handi bat dauka, baina asmoa ez zen pertsonaia hori ni izatea. Lotsa ematen dit, nire gauzak kontatzea ez zait asko gustatzen. Historiaren haria fikzioa da, eta hori josteko niri edo lagunei gertatutako gauzak sartu ditut.
Kaliforniako bizialdia hainbesterainoko aldaketa izan zen, ala?
Arreta ematen zidaten gauzak idazten hasi nintzen. Dena handia da han, ugaria, ikaragarria. Nire inpresioak, irudipenak, gertatutako abenturak… Adibidez, Las Vegasera joan ginenekoa gutxi gora-behera kontatuta dago, nahiz gauza batzuk asmatuak diren. Niri ere ondo etorri zait, berriz gogoratzen dituzulako momentu onak. Denbora pasa ahala, eta fikzioan lanean arituta, azkenean ez dakizu benetan pasatu zen ala asmatu egin dudan.
Argitaletxeak dio errealismo magikoa bira bat estutu duzula.
Gauzak ez ditut diren bezala kontatu nahi izan, magikoki baizik. Oso erraza da zer egin dudan eta zer pasatu den kontatzea. Nire asmoa irudiak sortzea zen, gauzak kontatu bai, bania metafora modura: gertatu dena nola irudikatzen duzun zuk. Elementu magikoak erabiltzen ditut errealitatea beste modu batera esplikatzeko.
Bigarren zati hori izan liteke zure eleberriaren muina? Kronika bati gehigarri magikoa eranstea.
Bizitasuna emateko ere bada. Azkenean, irudi mentalekin jokatu nahi nuen. Irakurleak hori imajinatu behar du, eta hortik ondorioztatu kontatzen ari naizena beste hura dela. Tranpa txikiak dira. Gauzak erraz-erraz ere ez dira jarri behar. Metaforazalea naiz, asko erabiltzen ditut. Zergatik kontatu gauza bat den bezala, horren inguruan baliabide literario politak erabil baditzakezu?
Narratiboki nolako eleberria da?
Irakurri dutenek esan didate oso azkar irakurtzen dela. Pelikulekin eta liburuekin normalean barrerik egiten ez dutenek honekin barre egin dute. Hori seinale ona da. Batek esan zidan umore mota guztiak dituela: begibistakoa, fina eta adimenduna.
Zein dira zure iturriak literaturan?
Denetik gustatzen zait. Benetako historiak, egunerokoak gustatzen zaizkit. Bereziki zientzia-fikzioa, errealitatean oinarritua baina zer edo zer fikzioa duena, gauza magikoak… Adibidez, Harry Potterren sailak txoratu egiten nau. Berez mutiko normal bat da, baina badu bere zera magikoa. George Orwellen 1984 ere asko gustatzen zait; gaur egundik ikusita askoz mezu gehiago dauka. Errealak ez diren gauzak dira nire erreferentea.
Hurrengo proiekturik baduzu?
Beste istorio bat badut buruan: kazetari batena da, baina gauza arraroak pasatzen zaizkio. Errealitatetik tiraka beste mundu bat sortzen ari naiz.