Abendurako bukatuko dituzte N-I errepidera doan Agerre bideko lanak
Abuztuaren amaieran hasi zituzten Ordiziako Agerre bidea edo Upabi bezala ezagutzen den azken errepide zatia konpontzeko lanak; Udalak abendurako lanak amaituta izatea espero du. Lazkaibardik doan GI-4491 errepidea eta N-I lotzen ditu errepide horrek. Orain artean norabide bakarreko bidea izan da eta egoera txarrean zegoen.
Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek eta Igor Eguren Ordiziako alkateak iazko abenduaren 19an sinatu zuten N-I errepidearen eta trenbide gaineko zubiaren arteko lotunea egiteko hitzarmena; 270 metroko luzera du zati horrek. Lanak amaitzean, zazpi metroko zabalerako bi norabideko galtzada egongo da autoek San Bartolome auzoa, Mallutz poligonoa edo Lanbide Eskola parean N-Ietik sartu eta atera egin ahal izateko.
Segurtasun arrazoiengatik, oinezkoek eta autoek galarazita dute ibiltzea; soilik Guardia Zibilaren kuartelera joan behar dutenek pasa dezakete hesia. CAFetik hasi eta trenbide gaineko zubirainoko lanak eginda daude dagoeneko. Udala eta Adifen lana izan da errepide zati hori berritzea.
Oinezkoak eta bizikletak
Errepide ertzean lau metroko zabalera duen bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea egokituko da, oinezko ugarik erabiltzen baitu errepide hori Goierri Eskola ingurura joateko. Luzera guztian espaloia izango du alde batean errepideak eta bizikleta bidea bestean, «oinezkoak eta txirrindulariak segurtasunez ibiltzeko».
Aspaldiko nahia betetzen
Errepidea egoera txarrean egon arren, herritar ugarik erabiltzen zuten Ordizia mendebaldera eta Beasain ekialdera zerbitzua ematen zuelako. Igor Eguren alkatearen esanetan, herritarren «aspaldiko nahia» zen errepidea egokitzea eta legealdi honetan egindako lanari esker lortu dute.