Herri Lasterketa eta afizionatuen karrera izango dira asteburuan Zaldibian
Bi kirol proba antolatu dituzte Zaldibian asteburu honetarako. Batetik, atletismoari leku eginez, larunbatean 18:00etan IV. Herri Lasterketa jokatuko da. Ohiko ibilbidea izango dute korrikalariek: plaza paretik abiatu, eta Zaldibiako herriaren barreneraino eta goreneraino ibiliko dira, asfalto gaineko barrutian.
Lehenengo hiru sailkatuek, beterano onenak eta aurreneko zaldibiarrak jasoko dituzte sariak, gizon eta emakumezko mailetan. 120 euro, 80 eta 50 ordainduko diete podiumekoei, hurrenkera horretan, garaikur bana emateaz gain. 35 urtetik gorako lehen hiru emakuzmekoak eta 40tik gorako lehen hiru gizonezkoak hartuko dituzte aintzat beteranoetarako.
Izena emateko epea atzo bukatu zen, kultur etxean (943 16 03 38). Partaide bakoitzak elastiko bana jasoko du opari.
Lehendakariko azken proba
Igandean, berriz, 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatuen IV. Zaldibiako Sari Nagusia jokatuko da. Lehendakari txapelketarako baliagarria da. Hain zuzen, egutegiko azkeneko proba da, eta txapelketaren irabazlea izendatuta dago dagoeneko: Lizarte taldeko Jorge Arcas.
Igandeko itxiera lasterketan 110,7 kilometroko ibilbidea prestatu die Gailurrerantz kirol elkarte antolatzaileak. Zaldibiatik 10:00etan irtengo da tropela. Itsasondoko Ibarestik aurrena, eta Alegiatik bi aldiz jarraian joan-etorri bana egin Zaldibiaraino, eta hirugarrenean Larraitz igoko dute. Ordizia aldetik itzulitakoan, Gaintzako gaina gainditu, eta lasterketa 12:45 inguruan amaituko da, Zaldibiako plaza parean.
Larraitz eta Gaintza izango dira mendiko sarirako puntuagarriak, eta plazako tarteko helmuga lau aldiz igaroko dute.