Preso eta iheslarien aldeko garagardo festa, gaurtik etzira
Goierriko Presoen eta Iheslarien Aldeko Lagunek garagardo festa antolatu dute aurten ere. Gaur hasi eta igandera arte, 30 garagardo mota ezberdin dastatzeko aukera izango da Beasaingo plazapean. «Presoen eta iheslarien egoera kaleratzea, eurek eta euren ingurukoek bizi duten egoera kaleratzea da garagardo festa honen helburua», dio antolatzaileetako batek. «Jendeak elkartasuna adierazteko leku bat izango da. Izan ere, elkartasuna erakusteko modu asko daude, eta bat, plazara inguratu eta garagardo batzuk hartzea bezain erraza da».
Ukondoak, bi motatako saltxitxak, patata biziak eta postreak erosteko aukera ere izango da, edariari laguntzeko edota afari pasara egiteko. Horiek banaka eros daitezke, edota bi pertsonentzako moduko menu bat ere begongo da aukeran 25 euroren truke: ukondoa, bi saltxitxa, patata biziak, bi postre eta bi garagardo sartuko dira menuaren barruan. Pitxarraren prezioa 0,50 euro igo bada ere, gainerako prezioak iazko berdinak izango dira.
Aurtengo berritasunen artean, euskal garagardoak ere egongo direla da. Bi hain zuzen ere: Zerb eta Naparbier. «Nahiko zaila izan zaigu gainera, baina, datozen urteetan gehiago ekartzen saiatuko gara», diote.
Elkarretaratze berezia, bihar
Bihar, 19:30ean, ez ohiko elkarretaratzea egingo dute presoen eta iheslarien alde. Bideluze plazatik Zubimuzu plazara joango dira, elkarretaratze mugikorra eginez eta trikitixa lagun hartuta.
Goierri behean, «une honetan, hamabost preso daude: iazko garagardo azoka egin zenean baino bost gutxiago», azaldu dute.