Gertu ibiliagatik, ihes egin dio Estanda Ordiziari Viaxes Amarellesen aurkako partidak
Denboraldiko bigarren jardunaldian Galizaraino bidaiatu zuten asteburuan Estanda Ordiziako neskek. Partida gogor baten ondoren, porrotarekin konformatu behar izan zuten; 2 eta 1 galdu zuten.
Partidaren lehen zatian etxeko taldea gogor hasi zen, puntu bila, joko eremuan presio handia eginez. Iñaki Heras eta Emilio Ortiz entrenatzaileek azaldutakoaren arabera Estandakoak, horretaz jakitun, lehen minutuak defentsan eman zituzten. Atea babesteaz gain, gol aukerak sortzen hasi ziren ordiziarrak, baina 14. minutuan iritsi zen galiziarren lehen gola (1-0). Aurretik denbora asko zegoenez lanean jarraitu zuten.
Bigarren zatian berdinketaren bila irten ziren Estandako neskak. “Norgehiagokan sartu ginen gol aukerak sortuz baina etxeko atezainak ez zuen erraz jarri”, diote. Partida kontrolatuz, Olatz Ibargurenek egin zuen berdinketako gola 30. minutuan. Falta bat jaurti zuen 14 metrotatik baloia zuzenean sarera bidaliz (1-1).
Handik aurrera, garaipenetik gertuago, partidaren bila joan ziren Estandakoak. Norgehiagoka amaitzeko minutu bat falta zenean eta ordiziarrak ondoen jokatzen ari ziren unean, Estandakoen akats batez baliatuz bigarren gola sartu zuten galiziarrek. Beraz, 2 eta 1 galdu zuten Estanda Ordiziakoek.
“Oraingo honetan zorteak bizkarra eman digu, baina kirol hau ezagutzen dugunok badakigu hau sarritan gertatzen dela. Guk neskak zoriondu nahi ditugu egiten ari diren ahaleginagatik”, azaldu zuen Ortizek.
Hurrengo jardunaldia larunbat honetan jokatuko dute Majori Kiroldegian CF Sala Bilbo taldearen aurka.