«Hurrengo bost urteetan ere aldaketa izugarriak ikusiko ditugu, onerako»
Gizartea aldatua ikusi du Juan Mari Olanok (Gaintza, 1955), maiatzaren 2an Alacanteko espetxetik irten zenetik. «Gatazkaren ondorioen» gaian jendea murgilduago nabaritu du, behingoz irtenbidea emateko prestuago. AAMren auziagatik hamar urteko zigorra bete du, bi alditan. Betidanik ibili izan den ezker abertzalearen mugimenduak barrutik jarraitu ditu. Itxaropentsu da etorkizunaz.
Kartzelatik atera zarenetik, zer ikusi duzu berririk kalean?
Sei urte ez da asko, baina oso urte bereziak izan dira euskal herritar guztiontzat. Aldaketa sakonak eman dira, gauza askotan. Euskal gizartea bera aldatu egin da, indar politikoak eta jarrerak ere bai. Onerako, gainera. Pazientziarekin hartu nahi nuen, lasai, agian klixe zaharrak alboratu, eta gogoa nuen giro berri honekin eta taupadekin kutsatua izateko. Uste dut beste egoera batean nagoela, beste segurtasun eta ezagupen maila batekin. Baina oraindik barneratzeko gauza asko daude. Ilusioarekin eta gogoarekin nago.
Espetxetik nola bizi izan duzu aldaketa garaia?
Interes izugarriarekin jarraitzen ditugu kartzelatik gertakari guztiak. Han ondo irauteko gure erregaia konektatuta egotea da, kartzelara eraman gintuzten arrazoiekin. Baina oso bitarteko mugatuak dituzu jarraipen zehatza egiteko, eta denbora errealean ez duzu egiten, egunkariak ere beranduago iristen dira eta. Komunikabide espainolak entzun eta ikusten genituen, baina harrigarria da agenda informatibo espainolean Euskal Herriak zer toki hartu duen; beno, eztokia. Isiltasuna. Zutik Euskal Herria dokumentua onartu zenetik, eta gero ETAren erabakiarekin, informatiboki itzali egin dute Euskal Herria, ez da existitzen.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduko bozeramaile zinen. Oraindik, ordea, presoen gaia pil-pilean dago, eta amnistia eskakizunak aditzen dira berriz.
Korapilo hori beste askoren ispilua da. Franco hil zenean ere presoen korapiloa zegoen, eta orduan lortu zen nahiko indar estatuari presoak kartzeletatik kentzeko. Gaur egun, tamalez, ez dago. Gatazkaren konponbidean, klabea diren ondorioei aurre egitea izugarri kostatzen ari da. Baina politikoki esplikatzen da, estatu espainiarrari gizartea presionatzeko geratzen zaion tekla bakarra presoak direlako. Giltza berak du, eta xantaia politiko etengabeko bat garatzen ari da.
Nola irten ataka horretatik?
Ausardia askoz handiagoa beharko da. Euskal gizarteak badu, baina ez hala eragile sindikalek eta politikoek, eta instituzioek bereziki. Beste tonu eta intentsitate batean heldu beharko diogu gaiari. Batzuek pentsatzen dute —eta ez Rajoyk bakarrik— presoen gaia ezker abertzalearen arazotxo bat dela, eta beraiek konpon dezatela. Autoeingainu bat da. Gatazkaren ondorioei, presoei eta iheslariei, ez bazaie erantzun positibo bat ematen epe motzera, Euskal Herriko prozesuan eragin ezkorra izango du.
Eta, beste aldetik, etxean nahi ditugula. Haiek ez daude oiloak lapurtzeagatik kartzelan. Herri honen defentsan egon dira, bizitza osoan, ehunka gizon eta emakume. Beraien borroka moldeak konpartitu ala ez, hori ez du inork zalantzan jartzen. Herri honek behar ditu, eta historiari ere zor diogu presoen eta iheslarien gaiari irtenbide azkar eta arrazoizko bat ematea.
«Euskal gizartea aldatu egin da. Lasai hartu nahi dut, agian klixe zaharrak alboratu» «Ezker abertzalean gertatu dena mirari politiko bat da. Hori da bidea, bakarra gainera»Prozesuan aurrera jarraitzea oztopatzen duen koska handienetarikoa da presoen gaia? Estatuak bere interesak defendatzen ditu. Euskal Herri bezala, kontua da bertako eragileek maila ematen dugun. Eskailera batzuk igo beharra daukagu. Gizarte mobilizazioa da giltza, baina instituzioen eta eragileen babesa inoiz baino beharrezkoagoa da, arrazoi batengatik: estatuak ez dauka inolako interesik gai horri erantzun positibo bat emateko. Beraz, behartu egin beharko da. Badirudi konfrontazio armatuaren aroa amesten dutela, haren hegalpean estatuaren arazo guztiak ezkutatzen oso erraza zelako. Hain zuzen, hori bukatu denean ari dira kasuak ateratzen, toki guztietan alfonbrak altxatzen. Nork hartu behar du gidaritza? Herritarren sentipenean dago presoen eta iheslarien gaiari irtenbide bat eman beharraren komentzimendua. Beste aldera begiratzea ez da ariketa inteligentea. Nik askotan esan izan dut, batzuei ez zaie gustatzen baina: kartzeletako patioetan bilduta dagoen konpromisoa herri honekiko, duintasuna, maitasuna eta lanerako gogoa, gehi gaitasun politikoa, tona askotako kontua da. ETAk zer paper hartu beharko lukeela iruditzen zaizu? Erakundearen kezka eta ardura, logikaz, bada preso eta iheslarien arazoa konpontzen laguntzea. Erakundearenak ziren militante asko daude kartzelan, eta erakundearenak ez zirenak ere bai. Kartzelan jende asko dago. Baina, aparte, hemen bada beste arazo bat, lehenagokoa: militarizazioa. Herri hau okupatuta daukate frantziar eta espainiar indar armatuek, mota guztietako poliziek. Europako ratio handiena da polizia-presentzia. Atzerakada egin beharrean, garai hauetan, alderantzizkoa ari dira; ez dut uste jendeak irudika dezakeenik ministroa Fiteron kuartel berria inauguratzen. Orduan, desmilitarizazioa ez da erakundeak armak uztea bakarrik. Gatazkaren ondorioen pakete guztian sartzen da. Armak uztea behin betiko da? Erakundeak publiko egin dituen agiriak-eta irakurtzen ditut, eta iruditzen zait izugarrizko ausardiarekin jokatu duela azken urte hauetan. Urrats ausartak egin ditu. Hamarkadak borroka armatuan jardun eta gero, aldebarkatasunez horrelako erabaki bat hartzeak esan nahi du herriarekiko konexioa, ikuspegi argia eta konpromisoa betetzeko borondatea dituela. Apustua izugarria egin du. Ziur naiz etorkizunean ere arduraz jokatuko duela. Agian, denboretan eta urratsetan jende guztiak ez dauka ikuspegi bera, baina azkenean erabaki behar dutenak beraiek dira. Ezker abertzalearen estrategia aldaketarekin eta Sorturen sorrerarekin ados etorri zara? Hastapenetan, mundu guztiak bezala pentsatzen dut, zalantzekin, informazio gutxirekin eta kezka handiz bizi izan genuen. Baina izugarrizko ilusioz ere bai. Politikan momentu batzuetan nahi den bezala egin ahal da, eta beste batzuetan ahal den bezala. Nik uste bigarren kasua izan dela, testuinguru oso zehatzean. Beharbada gauza guztiak ez ziren egingo fintasun izugarriz, zauritxoak ere geratuko ziren bidean. Baina, orokorrean, erabat bat nator egin den aldaketa estrategikoarekin. Aspalditik zetorren hausnarketa zen, gainera; hau ez da hamar pertsonak argia ikusi dutelako astindu dutela panorama politikoa. Ezker abertzalean oso transbertsala zen. Jende askok, zintzoki, zalantza izugarriak zituen estrategia politiko-militarrean; erakunde guztietan, ez ETAn bakarrik. Beraz, ibilbidean prozesu naturala da. Etorkizuna nolakoa dakusazu? Gertatu dena mirari politiko bat izan da. Guztia kriminalizatuta egotetik estatuaren aldetik, ordezkaritzarik gabe, konpromiso politiko minimo batengatik jendea kartzelatzen zutela, estatuak uste zuenean oinpean zuela mugimendu abertzalea… Hortik erreakzionatzera, estatuari apustua irabaztera, proiektua bera salbatzera eta gizarteak saritua izatera, ez da inon gertatu. Miraria da. Hori da bidea, eta beste biderik ez dago gainera. Gatazka modu integralean konponduko da, ez daukat inolako zalantzarik. Hurrengo bost urteetan ere aldaketa izugarriak ikusiko ditugu gure herrian, eta onerako.