Jaime Rosonek irabazi du Zaldibiako IV. Sari Nagusia
Zaldibian atzo jokatu zen 23 urtez azpiko Lehendakari txapelketako azkeneko proba, Zaldibiako IV. Sari Nagusia. Jaime Rosonek (Caja Rural) irabazi du. Imanol Estevez (Zirauna) eta Sergio Rodriguez (Gipuzkoa) sailkatudira 2. eta 3. postuetan. Gaintzako azkeneko igoeran zazpi txirrindularik jo zuten aurrera, 50 bat ziklistako tropela deseginez. Roson bakarrik iritsi zen helmugara, nahiz eta tarte oso txikira iritsi ziren Estevez eta Rodriguez.
Gailurrerantz mendi elkarteak 110 kilometroko ibilbidea prestatu zuen. “Lasterketa bizia eta azkarra izan da. Hasieran hamar lagunek egin dute aurrera, eta tropelean Zirauna hasi da lanean”, diote elkartetik. 50 segundoko aldea izatera iritsi zen. Eguneko bi mendateetatik lehenera (Larraitz) iritsitakoan, ordea, indartsuenek harrapatu zituzten.
Jon Ander Intsausti mutiloarra (Gipuzkoa) izan zen ihesaldia jo zuenetako bat, Xabier San Sebastianekin (EDP) batera. Larraitzen biak igaro ziren lasterketa buruan. Minututik gorako aldea izan zuten, baina azkeneko portuan, Gaintzan, berehala harrapatu zituen 50 bat laguneko tropelak. Aldapan gora zazpi ziklistak egin zuten aurrera.
Mendiko Saria Estevezek eraman du, tarteko helmugena Iban Garciak (EDP), taldekakoa Caja Ruralek, eta lehen goierritarrarena Alex Aranburu ezkiotarrak (Ampo).