Ohorezko mailan 100 garaipen
Partidan guztian aurretik joanda, Ampo Ordiziak ligako lehen garaipena lortu zuen atzo (39-20). Ampo Ordizia eta Bizkaia Gernikaren arteko derbia hartu zuen Altamirak liga erregularreko bigarren jardunaldian. Errugbiaz gozatzeko moduko partida izan zen, “nahiz eta bi taldeek oraindik lan egin beharra dutela agerian gelditu”. Atzokoa Ohorezko mailako 100. garaipena izan da ordiziarrentzat.
Etxeko taldeak jokoa bereganatzea lortu zuen eta bizkaitarrek asko sufritu zuten meleetan. “Errugbian badakigu fase estatikoak eta meleak dominatzen dituena dela garaipenerako hautagaia”, diote klubetik.
Aurrean joko bikaina egin zuen Richard Muagututiak, “bizkaitarrentzat amesgaiztoa”, bizkaitarren defentsa behin baino gehiagotan puskatuz. Bigarren zatiko lehen hamabost minututan sortu zen kezka unea Altamirako harmailetan, markagailuan 22-20 gerturatu zirelako Gernikakoak. Goierritarrek, berriro ere indartu eta, 17-0 partzialarekin garaipen garbia eskuratu zuten. “Nabarmen gelditu da ordiziarren taldea bizkaitarrak baino indartsuagoa izan dela”, diote. Ampo Ordiziak, beraz, eskuratu ditu lehen bost puntuak.