Txiletik Goierri Eskolara
Txileko gobernuak martxan duen “Txilerako teknikariak” beka programaren baitan, Goierrira etorri da txiletar ikasle talde bat. Goierri Eskolak eta Txileko Hezkuntza Ministerioak duen akordio bati esker, euren ezagutza teknikoa hobetzeko aukera izango dute hemen. Iazko ikasturtean 19 txiletar etorri ziren; aurten, berriz, kopuru hori bikoiztu egin da eta 38 ikasle etorri dira.
Gaur eguerdian egin diete ikasleei harrera Goierri Eskolan. Horretarako antolatu duten ekitaldian izan da Txileko kontsul Iratxe de Madariaga, Goierri Fundazioko lehendakari Igor Eguren eta Goierri Eskolako zuzendari Iñaki Zabalorekin batera.
Etorri diren gehienek badituzte goi mailako teknikari tituluak eta bekak atzerrian ikasketak osatu eta hobetzeko aukera eskaintzen die. Txileko gobernuak bidaia, ikastaroa eta egonaldia ordaintzen dizkie. Goierri Eskolak, berriz, iristen zirenerako antolaketa lanetan lagundu du. Guztira, 16 etxebizitza izango dituzte Ordizian eta Beasainen.
Egingo dituzten ikastaroen artean batzuk 590 orduko iraupena dute eta besteek 830ekoa. Lehenbizikoek martxoaren amaieran bukatuko dute egitekoa. Bigarrenek, berriz, ekainaren amaieran behin enpresetan praktikak egin ondoren.