Azoka
Denetariko produktu ekologikoak, erakusketak, tailerrak, eta, batez ere, giro ederra izan zituzten atzo Zerainen, Azoka Ekologikoaren 20. urteurrenean. Euskal Herriko ekoizleek barazkiak, fruta ogia, gazta, sagardoa, gozoak eta beste hainbat produktu jarri zituzten saltzen, denak modu ekologikoan ekoitziak. Pintxo ekologikoak jateko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek, baita antzinako eran ekoitzitako sagar muztioa ere; azokan bertan egin zuten muztioa, tolarean, eta edalontzietan eskaini zuten. Arratsaldean, berriz, giza proba desafioa izan zen Astigarragako nesken taldearen eta Zeraingo mutil gazteen artean. Aizkolariek ere egin zuten ikuskizuna, eta erromeriak borobildu zuen, azkenik, eguna.
Bestalde, bihar emango zaie hasiera Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldiaren barneko hitzaldi eta tailerrei. Hau da egitaraua:
- Irailak 23, asteartea: Zure landareak modu ekologikoan zaindu hitzaldia. Jakoba Errekondo. Zeraingo Kultur Etxean, 19:00etan.
- Irailak 25, osteguna: Janaria zure sendagaia izan dadila, eta sendagaia zure elikagai hitzaldia. Garbiñe Etxaniz. Ordiziako D’Elikatuz zentroan, 19:00etan.
- Irailak 27, larunbata: Baratzako lanak Illargiarekin tailerra. Xabier Akizu. Ordiziako D’Elikatuz zentroan, 09:00etatik 14:00etara. (15 euro)
- Irailak 30, asteartea: Energia-eredu berri baten alde. Zer da Goiener? hitzaldia. Zeraingo Kultur Etxean, 19:00etan.
- Urriak 2, osteguna: Haragi eta esne ekologikoa ekoizten dituen Olaberriako Etxeberri-Goikoa baserrira bisita. 17:00etan.
- Urriak 4, larunbata: Ikas ezazu pate begetalak egiten tailerra. Martin Mujika. Albatzisketan, 10:00etan. (15 euro)
Tailerretan eta bisitan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da 943 08 74 98 telefonora deituta.