Altamirako putzura irteera gidatua egingo dute larunbat goizean, Aranzadiren eskutik
Herritarrei Altamirako putzua ezagutzera eman eta gisa honetako ekosistemen garrantziaz kontzientzia sortzeko asmoz, larunbat honetan Altamirako (Ordizia) putzura irteera antolatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Aranzadiko Herpetologia saileko Ion Garinek gidatuko du saioa; horrelako ekosistemek biodibertsitatearen kontserbazioan duten garrantziaz arituko da aditua. Irteera parkearen sarreratik abiatuko da, 10:00etan.
Oiangu parkearen kontserbaziorako eta ingurumen sentsibilizaziorako Ordiziako Udalarekin urte hasieran abiatutako lankidetzari jarraipena emango diote ekintza berri honekin.
Azken hamar urteetan Euskal Herrian berreskuratu diren hainbat hezeguneetako bat da Altamirakoa. Ekainean egin zituzten Aranzadiko Botanika saileko kideek putzuaren lehen errestaurazio lanak. Besteak beste, putzuaren hegoaldeko ertza soka eta egurrezko hesi baxu batekin mugatu zuten, putzuaren ertzeko landareria eta fauna babesteko. Putzuaren ekialdeko mugan hazten diren zuhaitz batzuen mozketa ere egin zuten, putzura iristen den argitasun maila areagotzearren. Mikrohabitat berriak sortzeko harri pilaketa eta landaketak egin zituzten; putzuko zaborra erretiratu zuten; bertara iristeko bidea eta putzuaren ertza ibilbide modura egokitu zituzten; eta putzuaren kokapena adierazten duen norabide seinalea jarri zuten.