Euskal Herri osoko skate irristalarien biltoki izango da Lazkao
Goierri Roller Skate Elkarteak Euskal Herri osoko irristaketa txapelketa antolatu du. Lazkaon izango da, larunbatean egun osoan. Nazio mailako lehiaketa da, zazpi herrialdeetako skaterrek parte har dezakete.
Kaleko irristaketa modalitateko lehiaketa izango da, street skate deitua. Lazkaoko irristaketa-pistan jardungo dira, eguraldia euritsua baldin bada, kiroldegian. «Historian lehenengo aldiz, Euskal Herriko skating-eko hiriburu bihurtuko da Lazkao», dio taldeko ekitaldi arduradun Sergio Piccolinok.
Euskal Herri osoko skaterrek parte hartuko dute, neska eta mutil, baita Miranda de Ebroko eta Castro Urdialeseko (Espainia) elkarteek ere. Profesional mailako kirolari «oso ezagun batzuk» ere izango direla aurreratu du.
Sei urtetik gorakoentzat
Festa larunbatean 12:00etan hasiko da, izen-ematearekin. 13:00etan ekingo diote irristatzeari, eta 14:00etan bazkaria dago. Arratsaldeko saioari 15:30ean berrekingo diote, mailaka kanporaketak jokatzeko. Finalak 17:00etatik aurrera dira, azkena 18:00etan. Sari banaketarekin bukatuko dute Euskal Herriko Street Skate Txapelketa, 18:30ean.
Adin guztietako irristalariek izango dute aukera. Izen-ematea doan da. Sei urtetik hasi, eta mugarik gabe. 6-12 urte, 12-15, 15-18 eta seniorren mailak bereizi dituzte. Neskentzat sail bat izango da, eta beste bat best trick deitua.
Kaskoa ezinbestekoa dute partaideek, eta 15 urtetik behekoek eskumutur, ukondo eta belaunetako babesgarriak ere bai.
Saltokiak eta marken eta materialen postuak ere jarriko dituzte. Oholak 45 euroan erosi ahalko dira, eta skate osoak 50 euroan.
Elkartearen barruan talde bat ere sortu dute, «hori mundu osoan kasu bakarra da, markek bakarrik sortzen dituztelako team-ak, adinez nagusiekin gainera». Goierrikoan 10 urtetik 16ra bitartekoak daude, mailakatuta.
Sorrera, hasiera eta garapeneko bi urte borobiltzeko balio izango dio Goierri skate elkarteari larunbateko txapelketa erraldoiak. Hasitako bidea sendotzea izango da 2015erako eginkizuna.
Datorren urterako asmoak
Asmo batzuk aurreratu dituzte, datorren aurterako. Batetik, aurten burutu dituzten txapelketa guztiak berriz egin nahi dituzte, eta ahal izatera, ugaritu. Gipuzkoan bezala, Hegoaldeko beste hiru herrialdeetan ere probintziako lehiaketak sortu nahi ditu.
Ekimen gehiago ere baditu. Udazkenerako eta udaberrirako irristalarientzat asteburuko egonaldiak antolatuko ditu. Euskal Herri osoko skating kirolaren iraganaz, orainaz eta etorkizuneko aukerez jarduteko kongresu bat egitea ere aurreratuta daukate.
Estatuko irristalari gazte «onena» Goierri elkarteko kide izango da
Goierri elkarteak ohorezko gonbidatu bat izango du larunbateko lehiaketan. Jaime Mateu Solivellas irristalari mallorkarra Lazkaon izango da. Goierri Skate Roller Elkarteak bazkide izendatuko du.
Gaztea izan arren —18 urte ditu—, estatuko skater onenetakoa da Mateu. Hogei urtetik beherako Espainiako txapelduna da. Goren mailako irristaketa egiten du oholarekin.
Ostiralean iritsiko da, eta larunbatean erakustaldia egiteaz gain, hurrengo bi asteetan ere Goierrin izango da, bertako irristalariei ikastaroa ematen.